Nervacerok 73 lagun kalera botatzeko erregulazioa proposatu die sindikatuei

Sindikatuek onartuz gero langile horiek lanez aldatzea, enpresak dosierra kenduko luke «behin-behinean»

Erredakzioa
Bilbo
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Lana erregulatzeko neurrietara ohituta daude Nervaceroko 480 langileak. Azken bi urteetan aldi baterako bi dosier izan dituzte indarrean. Atzo, zuzendaritzak hirugarrena prest duela jakinarazi zien langile batzordeko kideei. Hirugarrena eta gogorrena, besteren artean, 73 langile kaleratzea aurreikusten baitu.

Itxura denez, sindikatuetako ordezkariak —ELA, LAB, UGT eta CCOO— gizarte plana negoziatzera eseriko balira eta zuzendaritzarekin zerbait hitzartzea lortuko balute, enpresa prest legoke erregulazio proposamena «behin-behinean» atzera botatzeko. Finean, Trapagarango hainbat langile Celsa taldeko beste enpresa batzuetara eramatea litzateke zuzendaritzaren asmoa. Langile horiek lan baldintza kaskarragoak izango lituzketela uste dute sindikatuek.

Nervaceroko langile batzordea gaur goizean biltzekoa da egoera aztertzeko. Aurretik, 09:00etatik 11:00etara, lan hitzarmenaren alde lanuztea egitera deituta daude langileak. Abuztuaren 30az geroztik geldialdi bat baino egin dituzte arrazoi beragatik.

ELAk gaizki hartu du zuzendaritzak egindako proposamena. Prentsa ohar batean adierazi du «lanpostu guztiak» defendatzeko helburuarekin bere esku dituen baliabide guztiak Nervaceroko lan taldearen esku jarriko dituela, «hemen inor ez dagoelako soberan». Enpresaren jarrera gaitzetsi du, gainera, «Nervaceroko langileen lan baldintzak okertzea besterik ez duelako nahi». Horregatik, mobilizatzeko deia egin die langileei. Administrazioei, berriz, Ezkerraldeko egoera hobetzeko urratsik ez egitea leporatu die sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.