Lan erreforma berria martxan jarri denetik, enpresaburu eta langileen arteko gatazkak ugaritu egin dira. Alde bakarreko erabakiak, hitzarmenen negoziazioak geldituta, administrazioen baimenik behar ez duten erregulazio espedienteak... Ondorioz, Hego Euskal Herriko hainbat enpresetan protestak eta grebak egiten ari dira.
Celsa Atlantic enpresak Trapagaranen (Bizkaia) daukan Nervaceroko lantegian, esaterako, lan gatazka amaitu berri dute. Bertako langileek zuzendaritzak aurkeztu dien azken proposamena onartu dute erreferendum bidez: 350 langiletik 46 kaleratzea eta soldatak batez beste %20 murriztea. Onartu ezean, enpresa ixteko mehatxua egina zuen Celsak. Kaleratzeak, erretiro aurreratuen bidez eta enpresak dituen beste lantegietan langileak kokatuz egingo dituzte.
Celsak Laminaciones Arregui izenarekin Gasteizen eta Urbinandituen bi lantegiak, ordea, itxi egin ditu. Nervaceron bezala, enpresaren proposamena onartu ezean ixteko mehatxua egin zuen zuzendaritzak, eta bete du. 91 kaleratze eta soldatak %20 jaisteko proposamena ez dute onartu langileek. Ondorioz, 358 langiletik64ri kaleratze agiria bidali diete etxera. Langileek Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza eskatu dute «kaleratze orokortuak egin ez ditzaten».
Blokeatutako egoerak
Igorreko (Bizkaia) Negarra enpresan, bestalde, 48 kaleratzeren aurkako grebak 73 egun bete ditu. Zuzendaritzaren jarrera «tematia» salatu du Alberto Rodriguez enpresa batzordeko presidenteak. Enpresaren egoera larriaren aurrean, kaleratzeen ordezko proposamenak dauzkatela adierazi du, «borondatezko irteerak, edo denbora baterako enpresa gelditzea, baina ez kaleratzeak». Egoera aldatu ezean, greban jarraituko dutela jakinarazi du enpresa batzordeak.
Corrugados Azpeitia enpresako langileak samaldaka kaleratzearen aurkako greban daude ekainaren 15az geroztik. Zuzendaritzak soldatan %35eko beherapena eta urteko lanaldia 49 orduz luzatzea proposatu die. Baita 60 kaleratze eta gainontzeko 244 langileentzat erregulazio espedientea ere. Langileak Gasteizen izan ziren atzo Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean. Bertan salatu zuten, besteak beste, lana bermatzeko eta kaleratze gehiago ez egoteko enpresari bost milioi euro eman zizkiola Jaurlaritzak.
Amurrioko (Bizkaia) Inauxa enpresan ere bigarren lanuzte eguna egingo dute gaur, negoziazio kolektiboa blokeatuta dagoelako. Enpresak lanaldia 40 orduan luzatzea, atsedenak murriztea eta irabazien araberako soldata proposatzen ditu. Uztailaren 3rako beste lanuzte bat deituta daukate, eta egoerak berdinean jarraituz gero, greba egunek «jarraipena» izango dutela ohartarazi dute.
LABek, azkenik, elkarretaratzea egingo du uztailaren 2an GTM enpresan eman diren hiru kaleratzeak salatzeko. Langile horiek sindikatuaren inguruko pertsonak zirela adierazi dute, eta lanpostuei eustearen alde mobilizatuko dira.
Nervaceroko langileek soldata %20 jaistea onartu dute lanari eusteko
Enpresa ez ixteko, zuzendaritzaren proposamena onartu dute, eta 46 langile kaleratuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu