Neurri gehiago indarrean jartzeko eskatu du Trichetek Zor publikoa «indarrez» erosten jarraitu du EBZk; Espainiarena %5etik behera jaitsi da

Zor publikoa «indarrez» erosten jarraitu du EBZk; Espainiarena %5etik behera jaitsi da

Erredakzioa
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun


Neurri gehiago indarrean jartzeko eskatu du Trichetek

Zor publikoa «indarrez» erosten jarraitu du EBZk;Espainiarena %5etik behera jaitsi da
Erredakzioa.

Eduki zehatza baino, mugimendua erakustea da orain garrantzitsuena. Hori uler daiteke atzo Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak euroguneko agintariei egindako eskaera ikusita: «Mezu bat daukagu Europako herrialdeentzat. Indarrean jarri behar dituzte aurrekontuei buruzko helburuak sinesgarri egiten dituzten erreforma neurri guztiak, hazkunde erritmo potentziala handitu ditzaketen egiturazko erreforma guztiak».

EBZren arabera, gobernuen lehentasuna merkatuei konfiantza ematea da, eta horretarako bidea da defizita murrizteko neurriak indarrean jartzea. Gobernu batzuek hartutako erabaki zehatzei buruzko galderak, ordea, ez ditu erantzun Trichetek, Parisen.

Europako zorraren krisiak euroa arriskuan jarri duela ukatu du EBZko presidenteak, eta hedabide anglosaxoniar askotan esaten denaren kontra, diru bakarra krisitik ateratzeko oztopo denik ere gezurtatu du. «Dugun arazoa ez da diru bakarrarena, aurrekontu politika desegokiena baizik».

Europa gutxiago beharrean, kontinenteko politika ekonomikoen integrazio handiagoa eskatu du Trichetek. Aurrekontu politiken eta politika makroekonomikoen kudeaketan «ia-ia federazio baten moduan jokatzera» iritsi behar dela uste du. Zerga politika eta gobernu bakarraren faltan, Europako Egonkortasun Ituna zorrozki betetzea «ezinbestekotzat» jo du Trichetek.

«Erosketa indartsuak»

Euroguneko herrialdeetako bonoak erosten jarraitzen du EBZ, eta oraingoz bere helburua lortzen ari da, hirugarren egunez jarraian asko merkatu delako herrialde gehienen zorraren prezioa. Espainiarena, esaterako, %5etik behera salerosi zen atzo, mailarik apalena azaroaren 23tik.

Politika horri eutsiko diola onartu du Trichetek, baina tentuz egingo duela gaineratu du, «prezioen egonkortasunari eragin gabe». Hau da, inflazioa sortu gabe. Trichetek ez du daturik eman nahi izan, baina EBZko kontseilari austriarrak, Ewald Nowotnyk, «erosketa indartsuak» egin dituztela onartu du. Astelehenera arte ez da jakingo zenbat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.