Espero zen eta Espainiako Gobernuak ere bazekien. Toledoko Itunaren jarraipen batzordeak neurrira egindako trajea eman dio, proposamen oso orokorrekin, pentsioen erreforman nahi duena egiteko. Nahi duena egin ahal izango du, gomendioak aintzat hartu dituela esanez. Espainiako Gobernuaren esku utzi dituzte zehaztasunak eta erabakien kostu politikoa. Funtsean, Toledoko Itunak ez ditu zehaztu erreformaren bi punturik gatazkatsuenak: erretiratzeko adina zenbat luzatu —batzordea kontra dago— eta pentsioa finkatzeko zenbat kotizazio urte gehiago aintzat hartu behar diren.
Baina Espainiako Gobernuak bazekien, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuak hartu du erabakia erretiro adina 67 urtera luzatzeko eta erabakiaren ondorioak jasateko.
Proposamenaren alde bozkatu zuten atzo 36 ordezkarik (PSOE, PP, CiU eta EAJ) eta kontra bik (IU eta ERC).
1. Erretiro adin ofiziala
Toledoko Ituna jarraitzeko batzordeko alderdi guztiak, PSOE izan ezik, erretiro adina atzeratzearen kontra daude. Espainiako Gobernuak 65 urtetik 67ra luzatu nahi du erretiro adin ofiziala, baina Toledoko Itunaren jarraipen batzordeak esan dio ez dutela horri buruzko akordiorik egin. Dena den, batzordearentzat «beharrezkoa eta komenigarria» da «lan bizitza luzatzea». Horretarako hainbat neurri har daitezkeela dio, baina ez du zehaztu zein.
Espainiako Gobernuak jada iragarri du adin ofiziala 67 urtera luzatzeak salbuespenak izango dituela: urte askoan kotizatu dutenak eta lan gogorrak egin dituztenak.
Beren borondatez erretiro adina gainditu eta lanean jarraitu nahi dutenentzat pizgarriak eskatu ditu, besteak beste, gehienezko pentsioak handitzea ahalbidetuz. «Ez zaio mugarik jarri behar lan egiteko adinari», dio.
2. Kotizazio urteak
Gaur egun kotizatutako azken hamabost urteak hartzen dira aintzat pentsio ordainaren oinarria kalkulatzeko. Espainiako Gobernua kopuru hori 20 edo 25era handitzeko prest dago.
Kotizatutako urte gehiago kontuan hartuz gero, pentsio berriak orain artekoak baino txikiagoak izango dira. ELAk kalkulatu du jaitsiera zenbatekoa izan daitekeen: 20 urte aintzat hartuz gero, pentsioa batez beste %6 txikituko litzateke; 25 urterekin, %10; eta 35 urterekin, %20.
Toledoko Ituna kotizazio urte gehiago aintzat hartzearekin bat dator, baina ez du kopururik zehaztu. Dena den, gomendio bat egin dio Espainiako Gobernuari:
3. Igoerak aintzatez hartzea
Iaz, lehen aldiz, inflazioa (%0,3) txikiagoa izan zen pentsioei aplikatutako igoera baino (%2). Beraz, pentsioak 1,7 puntu igo ziren. Igoera hori aintzat hartu zen aurtengo pentsioak kalkulatzeko, baina Toledoko Itunak kontuan ez hartzeko aukera planteatu du.
Pentsioen igoera kalkulatzeko, KPIaz gain, beste indize batzuk aztertzeko eskatu du: soldaten igoera, ekonomiaren bilakaera, Gizarte Segurantzari egindako kotizazioena...
4. Erretiro aurreratuak
«Erretiro aurreratuak, funtsean, langileak kaleratzeko tresna bihurtu da». Argi eta garbi esan du Toledoko Itunak. Erretiro aurreratuak mugatu egin nahi ditu. Urte askotan kotizatu dutenentzat eta lan gogorrak eta arriskutsuak egin dituztenentzat.
5. Emakumeak
Sistemak «generoaren dimentsioa» aintzat hartzeko eta emakumeei beren ahalegina aitortzeko unea iritsi dela nabarmendu du Toledoko Itunak. Emakumeek gizonek baino gutxiago kobratzen dute, kotizazioak eteten dituzte seme-alabak edo senideak zaintzeko, zailtasun gehiago dituzte lana eta familia uztartzeko... Horretarako zaintza lanak —seme-alabenak eta mendekotasunen bat dutenenak— kotizazio urteetan aintzat hartzeko neurriak bultzatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Baina aitorpen hori guztia ez da emakumeagatik bakarrik, baita «jaiotze tasak etorkizuneko pentsioen sistemaren iraunkortasunean duen garrantziari erantzuteko» ere.
6. Alargunak eta umezurtzak
Toledoko Itunak aldatu egin nahi ditu alargunen eta umezurtzen pentsioak, «betiere egungoak hobetzeko». Itunaren arabera, gehien babestu behar direnak dira 65 urtetik gorako eta pentsioa diru sarrera nagusia duten alargunak. Pentsioa kalkulatzeko oinarria handitzea proposatu du.
Umezurtzen pentsioari dagokionez, 25 urte bete arte luzatzea proposatu du.
7. Sistema osagarriak
Langileek pentsio publikoak pentsio pribatuekin osatzera bultzatu nahi ditu, «negoziazio kolektiboaren bitartez», dagokien lanean pentsio funts edo plan osagarriak sortuz. Horretarako enpresek sozietate zergan gutxiago ordaintzea nahi du.
Bikote batean batek pentsio sistema osagarri batean egiten dituen ekarpenak besteari ere mesede egitea nahi du.
8. Gazteak
Espainiako Gobernuak erretiro adina luzatu nahi du. Pentsioa kalkulatzeko kotizazio urte gehiago aintzat hartu. Baina Toledoko Itunak berak onartu du gazteek gaur egun dituzten lan baldintzekin —behin-behinekotasuna eta prekarietatea aipatzen ditu— «pentsio txikiak» jasoko dituztela.
9. Prozesua
Adierazgarria da proposamena urtarrilaren 25ean bozkatzea Kongresuan; hau da, gobernuak lege dekretua onartu baino hiru egun lehenago. ERCk, BNGk eta IUk kontra bozkatuko dute. Gero, prozedura parlamentarioa hasiko du, eta gobernuak EAJren edo CiUren babesa beharko du.
10. Kritikak
Urtarrilaren 27rako deitutako greba orokorra inoiz baino beharrezkoagoa dela nabarmendu zuten ELAk eta LABek atzo. ESK-k ere bat egin du grebarekin.
Neurrira egindako trajea
Toledoko Itunaren jarraipen batzordeak onartu ditu Espainiako pentsio sistema aldatzeko gomendio orokorrakErretiro adina luzatzeari buruz ez dutela akordiorik lortu esan diote gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu