Mikel Nievek irailean poza eta ezustea ekarri dizkie txirrindularitzaren zaleei. Bada irailaren erdialdera, burtsak uztail amaierako maila berreskuratu du. Abuztuko gorabehera eta erorikoen ostean, 10.700 punturen langa gainditu du Ibex-35 indizeak (+%0,71). Banku sektoreak ontzat eman ditu Basilean banku zentralek kapitalaren gainean adostutako neurriak; etorkizuna argitzen dio, beraz, ziurgabetasuna murrizten du. 1.645 milioiren salerosketarekin, %2na pasa irabazi zutenen maillota jantzi zuten Mapfre eta Bankiterrek; %1,5na ingurukoa BBVA eta Banestok eta %0,5nakoa bi erraldoiek, Santander eta Telefonicak. Europako Batzordearen hazkunde aurrikuspenak igo izanak ez zien indizeei kalterik egingo, baina argi dago Europan hazkundea ez dela bere onenean: periferiako herrialdeen defizitak konfiantzarentzat galga dira oraindik. Eskerrak Norvegiako estatu funtsak Espainiako burtsan inbertitzen jarraitzeko asmoa berretsi duen.
Bilbon egoitza duen BBVAbankuak (+%1,69) AEBetako NBA saskibaloi ligaren babesle izango dela jakinarazi du. BBVA Compass filialak 723 bulego ditu AEBetan, eta, gordailuen arabera, herrialdeko 15. bankua da. Espainian futbol liga ere babesten du bankuak.
Ebro Pulevako akzioa (+%1) azken hiru urteotako maximoan dago. Corporacion Albak (-%1,36) jaki enpresaren %5,2 erosi duela profitatuz, autokarteran zituen akzio guztiak saldu ditu, gainera, kapitalaren %0,41 (ia 10 milioi euro).
Nieve irailean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu