Guztira, Eusko Jaurlaritzak aurten baino 423,5 milioi euro gehiago izango ditu gastatzeko heldu den urtean. Aurrekontu igoera horretan pisurik handiena bi atalek dute. Alde batetik, hartutako zorpetzea itzultzeko 174 milioi gehiago gastatuko ditu gobernuak. Bestetik, 110,1 milioi eurotan handituko du Enplegu eta Gizarte Politikako Sailaren aurrekontua. Hona hemen gastu igoeraren banaketa:
Gastatzeko ahalmen handiagoa izateak ez du esan nahi aurrekontua osatzen duten programa guztietan igoera bera gertatu denik. Horretan ere bere lehentasun politikoak finkatzen ditu gobernuak. Gastu igoerarik handienak dituzten hamar programak hauek dira:
Aurkezpenean iragarrita zegoen bezala hazkunde adierazgarrienetako batzuk enplegu eta gizarte politika saiari dagozkio. Gizarteratze atalari zuzendutako dirua %18 handituko da. Igoeraren helburua diru sarrerak bermatzeko errentan dagoen benetako gastuaren eta aurrekontuaren artean zegoen tarte zabala estaltzea da. Hala, errenta finantzatzeko 461 milioi jarriko dira, aurreko urtean baino 76,5 milioi gehiago. Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan, berriz, igoera 500.000 eurokoa da - %2,4 gehiago -, horiek urtea amaitu aurretik agortzeak udalen aldetik kexa ugari eragin baditu ere.
Enpleguan egondako igoera ere aurreikusita zegoen, eta kontratazioari Gizarte Segurantzak emandako hobariak ordaintzera joango da gehiena (18,5 milioi gehiago). Halaber, familia alorretan ere gastua handituko da. Kasu horretan, lana eta familia bateratzeko laguntzak handitzera bideratuko da hazkundea, ia 13 milioi gehiago. Haurrengatik emandako laguntzak jaitsiera arina du, ordea, aurten izandako polemikaren ondotik. Gizarte politikak, enplegua eta familia laguntzak hobetzea izan da aurrekontuei baietza ematearen truke PSE-EEk jarri duen baldintzetako bat.
Uraren plangintzan, garapen lankidetzan eta emakume berdintasunean ere aurrekontua %10etik gora igoko da. Atal horiek 2013. urteko murrizketa handian gastu ahalmen handia galdu zuten, eta, igoera eta guzti, ez dira bueltatuko 2012. urtean zeukaten mailara.
Jaitsierak ere bai
Gastatzeko gehiago izateak ez du esan nahi dirua programa guztien artean berdin banatu denik. Aldiz, ugariak dira aurten baino diru gutxiagorekin finantzatuko diren zereginak. Jaitsierarik handienak izan dituzten programak hauek dira. Kasu gehienetan, gobernuaren lehentasunetan atzera gelditu izan diren programak dira.
Oro har, aurrekontuek programa eta eginkizun ugari finantzatzen badituzte ere, hamar programek gastuaren %75 eramaten dute, bereziki osasunari eta hezkuntzari lotutakoak. Hauxe da gastu aurrekontu handiena duten hamar programen eboluzioa: