Norbere zilborra krisia konpontzeko

Protekzionismoaren aldeko mezuak zabaltzen ari dira Erresuma Batuko energia plantetan edota AEBetako ekonomia suspertzeko plan berrian; herrialde pobreak edo Davosen bildutako ministroak, aldiz, kontra dira.

jakes goikoetxea
2009ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Protekzionismoa izan da Davoseko Munduko Ekonomia Foroan ozenen entzun den hitzetako bat. Protekzionismoaren arriskuaz ohartarazi dute han. Baina krisi garaietan ohi bezala, protekzionismoaren aldeko gero eta iritzi eta ekimen gehiago azaleratzen ari dira.

«Lanpostu britainiarrak, langile britainiarrentzat». Egunotan lelo hori edo antzekoak dituzte eskuetan Erresuma Batuko hogei bat energia plantetako ehunka langilek, eta protestak zabaltzen ari dira. Iragan astetik greba egiten ari dira, Total petrolio ekoizlearen azpikontrata batek 500 langile italiar eta portugaldar kontratatu dituelako bere findegi bat handitzeko Lincolnshiren (Ingalaterra).

Sindikatuek esan dute beren protestaren oinarria ez dela arrazakeria, ez dela protesta xenofoboa. «Ez dugu langile atzerritarren etorrera galarazi nahi», esan zuen atzo Bill Eilbeck Sellafieldeko plantako sindikalistak. «Debekatu nahi duguna da langile horiek gu baino gutxiago kobratzea eta guri lanpostua kentzea. Eskubide eta baldintza berdintasuna nahi dugu». Europako Batasuneko legediak langile atzerritarrak beren jatorrizko herrialdeko baldintzetan kontratatzea ahalbidetzen du.

Protestetako lelo nagusia, baina, ez da langileen eskubideen aldekoa, Lanpostu britainiarrak langile britainiarrentzat baizik. Leloa ez da berria, Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak erabili zuen 2007an, kargua hartu berria zuen garaian. Protesta egiten ari diren langileek esandakoa bete dezala eskatu diote lehen ministroari.

Iragan asteburuan Brownek erantzun zien ulertzen duela langileen beldurra, baina tentaldi protekzionistak baztertu egin behar direla. Gogorarazi die Erresuma Batuko hainbat langilek lan egiten dutela bertatik kanpo.

Erresuma Batukoa ez da protekzionismoaren aldeko lehen mezua. Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak, krisiaren kontrako neurrietan erreferentzia denak, neurri protekzionistak bultzatu nahi ditu ekonomia suspertzeko plan berrian. Buy american (Erosi amerikarra) izena du neurri horiek biltzen dituen planeko klausulak. Diru publikoa jasotzen duten azpiegituren obretan AEBetako altzairua, burdina eta makinak erostera behartu nahi ditu; edota Garraio Segurtasunerako Administrazioko langileak AEBetan egindako uniformeak eta arropa janztera. Plana eztabaidatzen ari dira Kongresuan.

Demagogia uzteko eske

AEBetako hainbat enpresa ez daude neurriaren alde. Merkataritza Ganberak -hiru milioi enpresa biltzen ditu- demagogia eta protekzionismoa baztertzeko eskatu dio Kongresuari: «Munduko esportzatzaile handiena gara eta gure produktuak erosteari uzten badiote, nor izango da galtzailea?». General Electric-ek eta Caterpillarrek uste dute neurri horiekin zailago izango dutela atzerrian kontratuak lortzea.

Kanada, hasieran larritu egin zen; gero, lasaitu. AEBetako ordezkariekin bildu ziren Davosen, eta esan zieten Obamak zenbait salbuespen ezar ditzakeela, Kanada, Mexiko edo EB, esaterako.

Espainian, Miguel Sebastian Industria ministroak herritarrei eskatu zien Espainiako produktuak eros ditzatela atzerrikoen ordez. Ministroaren arabera, espainiar bakoitzak Espainiako produktuetan edo zerbitzuetan 150 euro gastatzea nahikoa litzateke kontsumoaren jaitsiera apaltzeko eta 20.000 lanposturi eusteko. «Jendeak kontsumo ohituretan faktore espainiarra sartzea nahi dugu», esan zuen Sebastianek. Adibide bat eman zuen: eskiatzera Alpeetara joan ordez, Sierra Nevadara (Andaluzia) joatea.

Hala ere, protekzionismoa ez da berria. Galde diezaietela herrialde pobreei edota nabarmentzen ari direnei. Jada nabaritzen ari dira herrialde aberatsetako finantza erakundeen diru falta.

«Protekzionismoa gaixotasun bat da eta, kutsakorra gainera», esan zuen Celso Amorim Brasilgo Kanpo Harremanetarako ministroak Davosen. «Txerto bakarra Dohako Erronda da». Baina Dohako Errondak, munduko merkataritza liberalizatzeko negoziazioak, zazpi urte daramatza akordiorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.