1945etik 1994ra bitartean Norvegiako ontzietan lan egin zuten euskal marinelei dagokien erretirotik zentimo bakar bat ere ez die ordaintzen Norvegiak. Aspaldi hartu zuten erretiroa, baina nabigazio urteetan errenta zergak atxiki zizkien Oslok, Gizarte Segurantzan kotizatzea galarazita, eta ez dute sosik jasotzen. Auzitara jo zuten Norvegiako Gobernuaren aurka, eta lehen langa gainditu dute oraingoz: herrialde hartako auzitegi batek tramiterako onartu du haien salaketa.
Berandu, baina azkenean hasi du bidea euskal marinelen kexuak. Auzia tramitera onartu izana gobernuaren kontrako salaketa Giza Eskubideen Estrarburgoko Auzitegira eramateko lehen pausotzat du Long Hope elkarteak. "Dagokiena duintasunez defendatzen duen agure talde baten bi urteko borrokaren fruitua da", azaldu du Paz Viñas bozeramaileak, erakundeen jokabide "lotsagarria" salatzearekin batera: "Ez dute ezer egin".
Auziak ez du aparteko du oihartzunik izan Euskal Herrian; bai, ordea, Galizian. Han sortu zuten Long Hope —Itxaropen Luzea— elkartea 2008an. Elkarteak 600 bazkide ditu, eta horietatik 226 bazkidek eta jada hildako marinelen 43 familiak Norvegiaren aurkako auzibidea hasia dute Oslon. Atzera bota dituzte horietako asko, "prozesura akatsengatik". Elkartearen arabera, 1.000 kaltetu inguru egon daitezke Hegoaldean, baina soilik lauren kasuak ezagutzen dituzte: Isidro Astorkiza, Victor Lemos, Andoni Madariaga eta Mari Erezuma; azken biak hilda daude.