2013an gauzatuko den Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) erreformari buruzko gogoetak aitzina doaz, eta apirilaren 15ean, hots gaur zortzi, Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) dute horretaz eztabaidatuko. Jose Bove (Europe Ecologie), Sthephane Le Foll (PS) eta Alain Lamassoure (UMP) eurodiputatuak gomitatu ditu Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG), Zer laborantza eta elikadura politika Europarentzat galderaren inguruan gogoetatzeko.
Atzo burutu zuen prentsaurrekoa Baionan EHLGk eta bilerara hurbiltzeko gomita luzatu zien «laborari, gizarteko eragile, hautetsi eta herritar orori».
Bove Parlamentuko Nekazaritza batzordeko presidenteordea izanki, Le Foll ere komisio horretako kidea denez eta Lamassoure Aurrekontuaz arduratzen den batzarreko presidentea dela eta, erreforma hurbil-hurbiletik segitzen duten hizlariak izanen dira EHLGren egoitzan.
«Ondoko urteetako laborantza erabat baldintzatuko du erreforma horrek» dio Mixel Berhokoirigoin, EHLGko presidenteak. Jakinik gainera, Lisboako Itunaz geroz, Europako Parlamentuak pisu handiagoa duela erabakietan, argi dute eurodiputatuek ere eragina dutela bilakaeran. Lau gaien inguruan solastatzeko aukera izanen dute: etxalde txikien tokia NPB berriaren baitan, esne sektorearen bilakaera, elikadura burujabetasuna eta janariaren berkokatzearen erronka.
Koadro politikoa, beharrezkoa
Nekazaritzari zuzenduriko laguntzek koadro politiko bat «beharrezkoa» dutela dio Francis Poineau, EHLGko bulegoko kideak. Sektorea merkatuak kudeatzearen aurka agertzen da garbiki elkartea. Bestalde, laguntzak baldintzatu behar direla dio: ekoizpen moldearen arabera banatu, «laborantza iraunkorra sustatzeko» eta nekazari baita herrien artean «zuzenki» banatu. Gaur egun nekazarien %20ak dituzte jasotzen laguntzen %80. Ainize Monjolosen, EHLGren egoitzan burutuko da hitzaldia, 13:45etik aitzina.
NPBren erreformaz hitz eginen dute Ainhizen hiru eurodiputatuk
Bove, Lamassoure eta Le Foll eurodiputatuak gomitatu ditu EHLGk apirilaren 15ean eginen den eztabaidara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu