Barack Obama AEBetako presidenteak Espainiaren eta Italiaren zorra erosteko eskatu zion atzo iluntzean EBZ Europako Banku Zentralari, Mariano Raxoi Espainiako presidentearekin bildu ondoren. Horrekin batera, diziplina fiskala betetzeko ezarri dituzten "helburuekin eta politika gogorrekin" laguntzeko eskatu dio.
Greziak eurogunean jarraitu behar duela berretsi du, eta Europako bankuek birkapitalizatu beharra dutela azpimarratu du. Haren ustetan, Europako herrialdeak krisitik babesteko suebakiak sortu behar dira.
Obamak "hazkunderako estrategia" baten alde egindako adierazpena bat dator Raxoik NATOn defendatutakoarekin. Raxoik, moneta bakarraren aldeko defentsa egiteko eskatu die Europako Batasunari eta EBZri.