Obamaren inbertsio planak burtsak suspertu ditu

Inoizko inbertsio publikorik handiena iragarri dute AEBetan, azpiegiturak egiteko eta berritzeko

jakes goikoetxea
2008ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Obamaren inbertsio plana oraindik ez dute onartu, baina lehen eragina izan du, epe motzekoa bada ere: munduko burtsa nagusiek igoera nabarmenak izan zituzten atzo. %5tik gorakoak Frankfurten, Londresen, Madrilen, Parisen eta Tokion. Lerro hauek idazteko orduan, %3 ingurukoa New Yorken, aurretik hazkundea handiagoa izan bazen ere.

Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako lehendakari hautatuak larunbatean inbertsio publikoan oinarritutako plan erraldoi bat iragarri zuen, ekonomia suspertzeko eta lanpostuak sortzeko. AEBetan inoiz egin den inbertsio publikorik handiena izango da, oraindik kopurua zehaztu gabe badago ere. Planaren oinarria azpiegiturak dira: Obamak inbertsio handiak egin nahi ditu errepideetan, zubietan, eskoletan, ospitaleetan eta gobernuaren eraikin guztietan.

Plan horren bitartez 2,5 milioi lanpostu babestuko edo sortuko dituela agindu zuen Obamak. Langabeziak hazkunde handia izan du AEBetan: azaroan, 533.000 langabe gehiago izan dituzte, 1974tik izandako hazkunderik handiena. Atzo bertan AEBetako Dow Chemical enpresak jakinarazi zuen 11.000 langile kaleratuko dituela eta hogei lantegi itxi.

Petrolioa, gora

Krisi garaian albiste onik izan bada, petrolioaren prezioaren jaitsiera izan da. Brent upelaren prezioa 150 dolar inguruan ibili zen uztailean; iragan ostiralean, aldiz, 40 dolarrean.

Prezioen gainbehera ikusita, Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundea (LPEE) neurriak aztertzen ari da. Chakib Khelil LPEEko presidenteak larunbatean iragarri zuen merkatuak «harritu» egingo dituztela, abenduaren 17an produkzioa jaistea erabakita. LPEEk bilera egingo du abenduaren 17an Aljerian.

LPEEren iragarpenak ondorioak izan ditu: Brent upelaren prezioak 2,51 dolarreko igoera izan zuen atzo, eta 42,25 dolarrean dago; Texas upela, berriz, 2,55 dolar garestitu zen, eta prezioa 43,36 dolarrekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.