Eraikuntza

Obra publikoak ekoizpen kostuen azpitik ere adjudikatzen direla salatu du Ascobik

Administrazioei eskatu die mugatzeko gehiegizko beherapenak.

Miren Garate.
2015eko martxoaren 26a
11:20
Entzun

Administrazioak hasierako prezio bat finkatu ohi du lehiaketara atera behar duen obraren gainean; enpresek eskaintzak egiten dituzte; eta sarri adjudikazio prezioak hasieran finkatutakoak baino %35 edo %40 merkeagoak izaten dira, kasu batzuetan baita erdi preziokoak ere.

Ascobi Bizkaiko eraikuntzako enpresen elkarteak administrazioei eskatu die mugatzeko gehiegizko merkatze horiek. "Administrazioarentzat interesgarriak izan daitezke beherapen horiek, dirua aurrezten dutela uste dutelako, baina epe luzera ekonomiarentzat oso garrantzitsua den sektore baten desagertzea dakarte", azaldu du Humberto Perea presidenteak.

Gogoratu du Adifek, kasurako, abiadura handiko trenaren zati bat %50 merkeago adjudikatu duela berriki. Ascobiren iritziz, enplegua ez dute obra handi horiek sortzen, baizik eta txikiek, "espaloiek". "Obra horiek askotan ekoizpen kostu zuzenen azpitik ematen dira".

Krisia hasiz geroztik, eraikuntzako 25.000 enplegu zuzen desagertu dira Bizkaian; erdiak. Iaz jaitsiera hori eten egin zen. "Krisi sakon batean jarraitzen dugu, baina nabari dira lehen hobekuntza zantzuak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.