EKONOMIA

OCDEk 2017rako espero du krisi aurreko okupazioa berreskuratzea

Munduko 34 herrialde industrializatuenak biltzen dituen erakundeak dio desorekak handiak direla oraindik langabezia tasa apurka-apurka jaisten ari den arren. Gazteen eta iraupen luzeko langabeen "bazterketa egoerak" kezkatu du bereziki.

Jose Angel Gurria OCDEko burua —eskuinean— NDFko presidente Christine Lagarderekin hizketan, iaz. STEFANIE LOOS / EFE
Oihan Vitoria.
2016ko uztailaren 7a
14:20
Entzun

Krisi aurreko egoera ekonomikoa lortzeak kimera izateari utz diezaioke urtebete barru. Ez maila guztietan, jakina, baina bai ekonomiaren oinarrizko adierazle batzuei begira. Hala islatzen du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak 2016ko enplegu aurreikuspenei lotuta plazaratutako txostenak. Azken bi urteotako hazkunde erritmoaren ondoren, datorren urterako krisi aurreko okupazio tasaren parekoa lor daitekeela uste du. Alemania, Turkia eta Txile buru, 15 urtetik 74 urtera arteko herritarren %60,2 ari ziren lanean 2015eko azken hiruhilekoan; 2017rako, 2007ko urriko kopurua (%60,8) berreskuratzea espero du OCDEk.

Munduko 34 herrialde industrializatuenak biltzen dituen erakundeak dio bi herenek galtzak bete lan izango dituztela orduko mailara iritsi eta urteotan irekitako arrakalak garaiz ixteko. OCDEren ustez, Greziak, Irlandak eta Espainiak dute okerren, lanpostu gehien sortzen ari direnak badira ere. Langabezia tasak, oro har, beheranzko bideari eutsi dio, eta batez beste %6,5ekoa da egun. Erakundea baikor da, eta 2016a amaitzerako %4,9raino jaisteko itxaropena du. Datu hori, ordea, estualdian sartu aurrekoa baino txarragoa litzateke oraindik: 2007an, %4,3koa zen.

Gazteak, kezkagai

OCDE, dena dela, ez da erabat ase, eta ekonomia sustatzeko premiazko neurri gehiago behar direla ohartarazi du. Erakundeak oroitarazi du ia hamar urte igaro direla finantza krisiak eztanda egin zuenetik, eta susperraldiak oraindik ere desoreka ugari eragiten dituela; besteak beste, Europako herrialde askotan langabezia tasa "oso altua" delako. OCDEk zalantzak ditu ekonomiaren ziurgabetasunak eta hazkunde erritmoaren moteltzeak ez ote duen areagotuko atzeraldira itzultzeko arriskua. Merkatuak "erabat osatu" baino lehen, susperraldia ito daitekeen susmoa du erakundeak.

2007an baino iraupen luzeko %54,6 langabe gehiago daude OCDEko herrialdeetan: hirutik bat urtebetetik gora darama lanik gabe. Erakundearen azterketak agerian utzi du hazten ari diren sektoreei —zerbitzuei, esaterako— nekeza zaiela krisian galdutako enpleguak —eraikuntzan, batez ere— berreskuratzea. Gazteen egoeraz ere berebiziko kezka agertu du OCDEk. Ez lehenbizikoz. Eta ezta kasualitatez ere: 2015. urte amaieran gazteen %13,4 zeuden langabezian, krisi sasoiko tasa okerrenetik lau puntu beherago baina oraindik 2007ko datua baino hiru hamarren altuago. 34 herrialdeetatik 26k orduan baino gazte gehiago dituzte langabezian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.