OCDEk aurten 25 milioi langabe gehiago egon daitezkeela uste du

Erakundeak iragarri du barne produktu gordinak %4,3ko motelaldia izango duela 30 herrialdeetan

Erredakzioa
2009ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Aurreikuspenak egiten dituen aldiro, aurrekoak baino okerragoak egiten ditu OCDE Ekonomia, Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak. Oraingoan ere hala gertatu da. Erakundeko kide diren 30 herrialdeetan 25 milioi langabe gehiago egongo direla iragarri du, eta langabezia tasa ia guztietan %10era iritsiko dela 2010erako. Bigarren Mundu Gerraz geroztik lanik gabekoen kopuruak izandako igoerarik handiena eta azkarrena litzateke hori.

Barne produktu gordinari dagokionez, aurten batez beste %4,3 jaitsiko dela jakinarazi du Angel Gurriak, OCDEko idazkari nagusiak. Datorren urtean, berriz, mantendu egingo dela uste du.

Egoera ikusita, neurriak azkar hartzeko eskatu die politikariei. «Bestela, finantza krisia krisi sozial orokor bihurtuko da, eta eragin larriak edukiko ditu langile ahulenen eta familia apalenen artean». Deflazioaren arriskuaz ere ohartarazi du.

Besteak beste, ezinbestekotzat jo du OCDEk gazteei laguntzea. Era berean, «finantza merkatuetako hondamendiari aurre egiteko» pizgarri makroekonomikoen alde hitz egin du Gurriak. Halaber, gobernuei eskatu die Gizarte Segurantzan egiten duten gastua handitzeko eta zergak jaisteko. «Modu horretan, zuzenean posible izango da eskaera mantentzea, nahiz eta ekonomia ahulduz joan». Herrialdeen egoera ekonomikoari buruzko xehetasun gehiago gaur emango ditu OCDEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.