Zorraren krisiaren ondorioak luzera ere nabarituko dira arazoak izan dituzten herrialdeetan. «Belaunaldi oso batean babestu beharko dugu Greziako Gobernua», esan du Angel Gurria OCDEko idazkari nagusiak. Haren arabera, 25 urte beharko dira zorraren tasa eta barne produktu gordina orekatu ahal izateko.
Herrialdearen egoerari buruzko txosten bat kaleratu du erakundeak. Onartutako murrizketa planak arrakasta izan dezan «okerrik gabe» aplikatu beharko dela ohartarazi du Gurriak. Europako Batasunak ekainaren 21ean hitzartu zuen herrialdearen bigarren erreskate plana. 160.000 milioi euroan dago baloratuta. Plan hori positiboa izanda ere zorra egonkortzeko ez dela aski izango dio. Hala, zerga iruzurrari eta diru publikoaren xahutzeari aurre egiteko agindu dio gobernuari, baita herritarren konfiantza berreskuratzeko ere.
OCDEko idazkari nagusiaren arabera, merkatuek oraindik ez dute baloratu Greziak egindako esfortzua. «Agintariek behar adina denbora dute orain nazioarteko merkatuak konbentzitzeko; herritarrei ere sinetsarazi beharko diete orain artean onartutako erreformek eragin positiboak izango dituztela».
OCDEren konfiantzazko botoa baduela esan dio Gurriak herrialdeari. «Gauzagarria da, eta hemen gaude ezegonkortasun giro hau buka dadin laguntzeko». Aurretik bide luzea egon arren eta ekonomia oraindik ahul egon arren, adierazi du zantzu positiboak ere badaudela, eta esportazioen igoera aipatu du.
Pribatizazioen bidez 50.000 milioi euro eskuratzea da Greziaren helburua. Lortuz gero 2035erako zorra BPGaren %60ra jaitsiko dela azaldu du; lortzen ez badu urte horretan BPGaren %100ean egongo dela. Aurreikuspenen arabera, aurten %3,5eko atzeraldia izango du herrialdeko ekonomiak, eta datorren urtean %0,6 haziko da. Inflazioa, berriz, %2,9koa izango da aurten, eta %0,7koa datorren urtean.
OCDEk dio Greziak 25 urte beharko dituela zorra egonkortu ahal izateko
Onartutako murrizketa neurri guztiak «okerrik gabe» aplikatzeko agindu dio Gurriak herrialdeari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu