Baikortasunerako tarte txikia eman du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak gaur. Herrialde industrializatu eta aberatsenak biltzen dituen talde horren arabera, askok uste baino luzeago hartuko du pandemiaren osteko suspertze ekonomikoak. Ziurrenez, hasieran izango da susperraldi bizkor bat, baina motz geratuko da 2020. urtearen hasierako estandarretara itzultzeko.
Laurence Boone OCDEko ekonomista burua gordin agertu da: «Jende gehienak V formako suspertze bat datorrela ikusten badu ere, bide erdian eten egingo dela pentsatzen dugu guk. 2021. urtearen amaierarako, sarreren galeratan gainditu egingo da bake garaietako edozein atzeraldi, eta ondorio luze eta latzak ekarriko ditu jendearentzat, enpresentzat eta gobernuentzat».
Ekonomia globala 2020ko lehen erdian %12 uzkurtu daitekeela uste du OCDEek; %6 urte amaierarako. Era berean, uste du 2021aren bukaerarako ekonomia oraindik ez dela itzuliko 2020aren hasierako datuetara, hazkundea %5,2koa litzatekeelako. Pandemia jada igaro bada, Frantziari iragarri dio OCDEk atzeraldi handiena (-%11,4), eta maila bertsuan leudeke Italia (-%11,3) eta Espainia (-%11,1). Alemaniako ekonomia %6,6 txikituko litzateke, eta AEBetakoa, %7,3.
Bigarren olatua
Egoera are okerragoa izango da COVID-19aren beste olatu bat etorriz gero. Hori gertatuko balitz, urte hau %10ko atzeraldiarekin itxiko luke munduko ekonomiak. Espainiak izango luke orduan erorialdirik handiena BPGan (%14,4), eta zerrendan jarraian lituzke Frantzia (-%14,1) eta Italia (-%14). Alemaniako ekonomia %8,8 murriztuko litzateke.
Horiek horrela, Booneren ustez, «ez genuke finantza krisiko hutsegitea errepikatu behar, eta zerga politikaren sustengua goizegi erretiratu». Haren arabera, behin ekonomiaren panorama argiagoa denean, «begiratu bat eman beharko zaio pilatutako zorrari, eta batez ere zergen eta laguntzen sistemari, krisi honekin sakontzen ari baitira jendearen arteko desberdintasunak».