Ekonomiak okerrera egiteko arriskuak handitu direla ohartarazi du gaur OCDEk, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak, eta puntu erdi murriztu du hazkunde globalaren aurreikuspena. Erakundean dauden herrialde guztiek, Eslovenia izan ezik, hazkunde positiboa izango dute 2014an eta 2015ean. Hala ere, hazkunde "eskasa" dela ohartarazi du OCDEk, beste atzeraldi batzuetan izan diren susperraldien erritmoetatik oso urrun.
Munduko hazkundeari indarra hartzea kostatzen ari zaio. 2013an %2,7 izatetik 2015ean ia %4 izatera iritsiko da. Europari dagokionez, atzeraldia atzean utziko du, baina hazkundea ez da %2ra iritziko ez 2014an ez 2015ean, eta langabeziak %12ren inguruan jarraituko du. Udaberrian argitaratutako aurreikuspenekin alderatuz, aldaketa nagusia gorabidean dauden herrialdeetan dago. Txina izan ezik, beste guztien hazkundea espero baino ahulagoa izango dela ohartarazi du OCDEk. Aurreikuspen jaitsiera bereziki indartsua da India, Hegoafrika, Brasil eta Errusiaren kasuan.
Autoetako motor batekin alderatu du egoera Angel Gurria OCDEko idazkari nagusiak. Motor hori "ahalmenaren erdian" ari dela lanean nabarmendu du, potentzia ematen dioten zilindroei indarra falta zaielako. Ekonomiaren kasuan, zilindro horiek dira inbertsioa eta merkataritza, batez ere. Bi horiek azken hamarkadetan izan dituzten batez bestekoetatik oso urrun daude. Era berean, gorabidean dauden herrialde batzuk betirako hazkunde indartsua izateko duten aukerari balio gehiegi eman zaiola uste du, orain berrikusi behar den egoera. Krisiak utzitako lau ondorio nagusiekin lehiatzeko neharra ere azpimaratu du. Hazkunde eskasarekin batera, langabezia, errenta banaketaren desoreka, eta gizartearen konfiantza falta erakunde sozial eta politikoen jardunean.
Pier Carlo Padoan OCDEko ekonomialari nagusiak azaldu du aurrera begirako erabakiak hartzerakoan "tentu handiz" jokatu behar dutela agintari politikoek, herrialdeen arteko elkar eragina asko zabaldu delako. "Arriskuak hor daude, eta lehen baino handiagoak dira", azpimarratu du. Horien artean AEBek ekonomiari laguntzeo indarrean dituzten pizgarriak erretiratzeko aukera nabarmendu du, aipatze hutsarekin gorabidean diren herrialde batzuetan kapital ihesak eta finantza baldintzak gogortzea eragin dituena. Europari dagokionez, OCDEk ontzat jo du EBZk interes tasak jaisteko hartu duen erabakia. Deflazioaren arriskua "urrun" ikusten du, baina, hala ere, arrisku horri aurre egiteko "bestelako neurriak" pentsatzea eskatu dio Padoanek Mario Draghiri.