Zergak

Ogasunek espero baino 315 milioi euro gehiago bilduko dituzte aurten

Sozietate zergaren araudi aldaketak eta errenta zergaren hobekuntzak bultzatu dute igoera. Heldu den urtean bilketa %3,8 handituko dela kalkulatu dute Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, eta Eudelek.

Pedr zpiazu Ogasun sailburua Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari bostekoa ematen, joan den otsaileko Finantzen Euskal Kontseiluan. JUANAN RUIZ / FOKU
Ivan Santamaria.
2018ko urriaren 11
09:43
Entzun

Finantzen Euskal Kontseiluak bilera izan du gaur goizean, Gasteizen. Urtearen joanean zerga bilketak izan duen joera ona berretsi dute administrazioek: aurtengo aurrekontuak egiteko erabili ziren aurreikuspenak gainditu dituzte, nabarmen. Horrek esan nahi du Jaurlaritzak, aldundiek eta udalerriek diru baliabide gehiago edukiko dituztela aurtengo kontuak ixteko.

Guztira, zerga bidez 14.706 milioi euro batzea espero dute. Iazko urrian egindako aurreikuspenean baino 315 milioi euro gehiago dira. Emaitza adierazgarria, kontuan hartuta joan den urtean aparteko 600 milioi eskuratu zituztela EAEko administrazioek, kupoa bideratzeko akordioari esker, aurten berriz gertatuko ez dena. Aurreikusitakoa baino %2,2 gehiago da, eta 2017. urteko itxierarekin alderatuta, %1,6 gehiago.

Bi dira igoera horretatik tiraka egin duten faktoreak. Batetik, sozietate zergaren araudi aldaketa dago. Aurten hasita, hurrengo urtean pagatu beharreko fakturaren parte bat kontura ordaindu behar izan dute enpresek. Hau da, dirua aurreratu behar izan dute, azaroan. Horren ondorioz, irabaziei ezarritako zergak iragarritakoa baino %16 gehiago bilduko du. Errenta zergak ere hazkunde adierazgarria izan du: %3,7 gehiago. Aldiz, BEZaren ekarpena txikiagoa da, kupoaren itzulketa zerga horren bidez egin zelako.

Berriro ere, zerga bilketa inoizko handiena izan da. Diru horrek arnasa emango die kontu publikoei. Jaurlaritzak esana du aparteko baliabide horiekin kontuak orekatzeko asmoa baduela. Hau da, urtea defizit publikorik gabe itxi nahi du, eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak atea irekita utzi dio inbertsio batzuk egiteari, iaz egin zen bezala.

"Zuhurtzia", aurrera begira

Heldu den urteko aurrekontuak egiteko erabiliko den kalkulua ere hitzartu dute. Orotara, 15.265 milioi eskuratuko dituztela espero dute, aurten baino 560 milioi gehiago (%3,8ko hazkundea).

Oro har, inbertsio publikoari astindu bat emateko ideia azpimarratu dute erakundeek. "Teilatua konpondu behar da udan, eguzkia dagoenean", justifikatu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Edonola ere, aurrera begira "zuhurtzia" eskatu dute agintariek. Ekonomiak moteltzeko norabidea hartu du, eta horretarako gertu egon behar direla adierazi dute. Petrolioaren eta interes tasen igoerek abiadura kenduko diote hazkundeari, besteak beste. Arabatik, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak kritika zorrotza egin dio dieselaren zergapetzeari buruz Espainian ireki den eztabaidari. "Autogintza oso sektore garrantzitsua da, eta ziurtasuna behar du", ohartarazi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.