Aldeko nahiz kontrako iritziak sortu ditu erabakiak. Iaz barne produktu gordinaren %11,4ko defizitera iritsi zen Espainia, eta BEZa igota 5.150 milioi gehiago bildu nahi ditu Gobernuak. Argi dago zulo hori murriztu beharra daukala. Ez dago hain garbi BEZa altxatzeak kontsumoan, eta ondorioz ekonomian, zenbaterainoko eragina izango duen.
Zerga guztien artean dirua biltzeko gaitasun gehien dutenetako bat da BEZa, errenta zergarekin batera. Alabaina, zeharkakoa da. Hau da, dirua asko nahiz gutxi izan, denei maila berean aplikatzen zaie. Eta horrek eragin du herritarren haserrea.
INE Espainiako Estatistika erakundeak eta kontsumitzaileen elkarteek egindako ikerketen arabera, batez beste, urtean 290 eta 354 euro arteko kostua izango du familia bakoitzarentzat BEZa igotzeak. Autoa, etxea eta antzeko erosketa handiak egiten dituztenek igarriko dute gehienbat garestitzea.
Autonomoak, haserre
Igoera kritikatu dutenetako batzuk saltzaileak eta langile autonomoak dira. «BEZaren aldaketagatik negozio asko eta asko itxi beharko dira hurrengo hilabeteetan», esan du Luis Molero OPA Euskadiko langile autonomoen elkarteko presidenteak, eta zerbitzuengatik gehiago kobratzeak sekulako kaltea egingo dietela langile autonomoei. «Igoerak kalte gehien egingo dion taldea gara, ezin ditugulako gure zerbitzuak garestitu, lehengaiak garestiago erosi beharko ditugulako». Ezkutuko ekonomia areagotzeko arriskua ere ikusten du OPAk.
Hainbat autonomok eta dendak igoera beren gain hartzeko asmoa dute, bestela salmentak amildu egingo direlako. Eroskik, esaterako, uztailaren amaierara arte BEZaren garestitzearen dirua bezeroei itzuliko diela esan du, erosketa txartel batzuk emanda. Hainbat arropa denda handik ere udazkenera arte azken prezioei eusteko asmoa agertu dute. Beste batzuek diote ezin dutela halakorik egin, lehendik ere marjinetan oso estu dabiltzalako.
BEZaren igoera neurri egokia dela dionik ere bada. Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkartearen esanetan, badaude beste tresna batzuk ere dirua biltzeko, baina inork ez du BEZak adinako gaitasunik. Jarduera ekonomikoaren aldetik neutroena dela nabarmendu du. Horrez gain, Europako zerga tasak eta hemengoak ezberdinak direla dio, eta alderik handiena BEZean dagoela. Zerga harmonizazioaren alde egitea ongi iruditzen zaio patronalari.
Europako baxuenetakoa
Tasa igo arren, Hego Euskal Herriak eta Espainiak Europan BEZik txikiena duten herrialdeen artean jarraituko dute. Maltan, Erresuma Batuan,Luxenburgon eta Zipren soilik da apalagoa. Kontrako muturrean daude Danimarka, Hungaria eta Suedia, %25eko BEZarekin.
Grezian ere gaur jarriko dira indarrean tasa berriak. %11tik %23ra arteko BEZa izango du. Lehen aldiz, taxietan ere aplikatuko da zeharkako zerga hori. Krisiari aurre egiteko planaren barruan aurkeztu zuen neurria herrialdeko gobernuak.
BEZ zerga
Zerga supermurriztua (%4). Ogia,esnea, arrautzak, fruta, barazkiak, lekaleak eta tuberkuluak; liburuak, aldizkariak eta egunkariak; eskolako materiala, produktu elektronikoak salbu; sendagaiak; gutxituentzako ibilgailuak, gutxituentzako ibilgailu kolektiboak eta gurpil aulkiak; protesiak eta inplanteak; babes ofizialeko etxeak.Tasa murriztua (%8). Freskagarriak;betaurrekoak eta lentilak; osasun arreta eta hortzen zaintzarako zerbitzuak;Ile-apaindegi zerbitzuak; etxebizitza berria;gizarte, kultura, aisialdi eta kirol zerbitzuak; azokak eta erakusketak; hileta zerbitzuak; ostalaritza; errepideen eta jardin publikoen garbiketa eta zabor bilketa;bidaiarien garraioa eta autopistak.
Tasa orokorra (%18). Edari alkoholdunak eta tabakoa; etxetresna elektrikoak; arropa eta oinetakoak; CDak;irrati eta telebista zerbitzuak.