MAHASTIZAINTZA. MIXEL BERGOUIGNAN

«Ohi baino laurden bat ardo gehiago ekoitzi dugu»

ENEKO BIDEGAIN
BAIONA
2004ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Irulegiko Sotoko ardo ekoizleen iritziz, aurtengo uzta ona izan da. Ekoizpen guztia ez badute bukatu ere, jadanik baikor mintzo dira.

Nolakoa izan da aurtengo ardo ekoizpena Irulegiko sotoan?

Ohi baino ardo gehiago ekoitzi dugu. Laurden bat gehiago. Azken hamar urteetako uzta hoberena izan da.

Zerk eragin du ekoizpena hobea izatea?

Aitzineko urtea ederra izan da. Mahatsak aitzineko udaberrian formatzen dira. Eta udaberrian, mahastiak loratzeko garaian, aro onak ukan ditugu. Ondorioz, mahats anitz bagenuen. Gainera, aroak segitu du hein batean, eta ez da makurrik izan. Sasoia bururaino eramana izan da, beraz biltzeak gibelatu dira. Mahats batzuk kentzera behartuak izan gara. Aitzineko bi urteetan mahats gutxiago atera zen mahastietatik, eta horrek ere eragin du aurtengo uztea hobea izatea.

Nolakoa izan da kalitatea?

Biziki ona, zeren eta larrazken ederra izan baita. Nahiz eta uda nahiko freskoa eta euritsua izan, mahatsen kalitatea bermatu da. Ez dugu batere mahats ustelik ukan mahatsa bildu arte. Ez ditugu oraino mugimenduak bukatuak, baina daukaguna polita da. Ardoak gustu ona du.

Mahatsa berant bildu duzue?

Bai. Mahatsa urri erdian bildu da. Iaz baino hiru aste berantago. Gu urri hastapenean hasten gara, ontsalaz.

Beraz gustura zaudete?

Bai, kontent gara. Holako beste urte bat gogotik hartuko genuke.

Nolako salmentak eta irabaziak espero dituzue?

Indar gehiago egin beharko da. Mahats gehiago ukanik, pixka bat gehiago saldu beharko da. Konpetentzia bada, beraz lan gehiago ukanen dugu. Azkenaldian, ostatuetako salmentan beheititze ttipia ukan dugu. Sarkozyren politiken eragina sendi da. Hala ere, salmentak ontsa joan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.