Eusko Jaurlaritzak laguntza sozialak arretaz ikertzeko asmoa iragarri zuen arren, egunotan egin dutena «inolako zorroztasunik gabe eta inprobisatuz» INEMeko datuak diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen zerrendekin alderatzea izan da. Hala salatu zuen atzo Argilan Bilboko Bazterketaren Aurkako Taldeak.
Alex Henares elkarteko kideak «lotsagabe» aritzea leporatu zion Gemma Zabaletari: «Bera baita legea bete ez duen lehenengoa, bazterketa ekonomikoa pairatzen dituenak babestea delako bere betebeharra». Jaurlaritzak abenduan eten nahi izan die laguntza lan bila ez dauden onuradunei, baina «irizpide okerrak» erabili dituzte, Argilanen ustez. Momentuz, urtarrilera atzeratu du agindua Lan eta Gizarte Gaietako Sailak.
Jaurlaritzak iruzurtzat jo dituen espediente gehienak, %50 eta %80 artean lurraldearen arabera, laguntzak jasotzeko eskubidea dutela berretsi zuen Henaresek. Kasu batzuetan, lan bila aritzea eskatu ezin zaielako: aurre erretiroa edo elbarritasunen bat dutenak, oinarrizko errenta gisa onartu zirelako eta oraindik eraldatu ez dituztelako edota INEMen izena ematea galarazita duten etorkinak direlako.
Halakoa da atzoko agerraldian parte hartu zuen Yania Santosen egoera. Egoitza baimenik ez duenez, ezinezkoa du INEMen izena ematea. Lanbidera jo du, baina zerbitzua «gainezka» dagoela eta haiek deitu arte itxaron beharko duela esan diote. Bi seme ditu eta, laguntzarik gabe, galduko dituen beldurra dauka. Gainera, udal langileek sei hilabetean behin bere egoera berrikusten dutela ziurtatu zuen.
Beste askok, aldiz, ikastaroetan egonda lan eskaera desaktibatu dute edo gaixoaldian egon daitezkeela gogorarazi zuen Henaresek. Iruzurraren aurka egin nahi izanez gero, bestetik, zergetan ematen dena 10.000 milioi eurokoa dela gogorarazi zion Zabaletari, «laguntza sozialetan gastatzen dituzten 320 milioietatik oso urrun dagoena».
Oinarrizko errentaren auzian «lotsagarri» aritzea egotzi dio Argilanek Zabaletari
Iruzurtzat jo dituzten espediente gehienek laguntza jasotzeko eskubidea dutela berretsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu