Oinez gertu delako, lasterka egiteko tarteka oinez egin behar delako edo, beste barik, azkenaldiko nekea sumatzen duelako, estropezu egin zuten atzo gure burtsa indizeek. AEBetako produkzio industrialaren datua uste baino hobea suertatu arren, Bank of Americak azken hiruhilekoan mila milioi dolar galdu izanak eta General Electricek aurreko urtean baino %44 gutxiago irabazi izanak (2.400 milioi dolar azken hiruhilekoan) kezka hedatu zuten akzio azokan. Euroaren indartzearen eraginak Euroguneko esportazioetara ere iritsi dira, noski, uztailean %5,8 jaitsiz. Laburbilduz, 3.680 milioiren salerosketa oparoa, %1,46ko galera Ibex-35 indizeak eta, tartean, Edurnezuri (-%1,77) eta Santander (-%1,36) erraldoien zangotraba. Sakon-sakonean, Telecinco (-%4,19) edo %3na pasa galdu zuten Grifols eta Iberia ibili ziren. Beriainen tamainara iritsi gabe, talaiatik begira egon zirenak Ferrovial (+%0,51) eta Acerinox (+%0,3) izan ziren.
Carrefour. Carrefour (-%3,33) banatzaileak aurtengo ekainean Moskun ireki zuen hipermerkatu bat, eta irailean beste bat Krasnodar hirian. Ordutik, epe erdi edo luzean hazkunde aukera handirik ikusten ez duela, eta Errusiatik alde egiteko asmoa agertu du, nahiz eta horrek galerak eragingo dizkion. Urtea 2.700 milioiren mozkinekin amaitu asmo du banatzaileak, Latinoamerikan negozioak duen sasoi ona eta Txinakoaren baleko bilakaera lagun. Europan merkatua zail dagoela aitortu du Carrefourrek; sarreren %40 ematen dizkio Frantziak, baina salmentak %4,2 gutxitu zaizkio han.
Oinez, bidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu