Irailaren bukaeran, gutun bat jaso zuten diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen duten 10.000 lagunek. Lanbidek diru kopuru bat itzultzeko eskatzen zien, aurrez behar ez zuten ordainketak kobratu zituztela esanez.
EH Bilduk eta PSE-EEk eskatu dute kontuan hartzeko diru hori itzuli behar dutenen egoera. Nahi zuten ordainketak "bizitza duina" egitea eragozten dutenek aukera izatea atzeratzeko euren egoera ekonomikoa hobetu arte. Eusko Legebiltzarrak, ordea, ez dio halakorik eskatuko Jaurlaritzari, zuzenketaren aurka bozkatu baitute EAJk eta PPk. UPD abstenitu egin da.
Halaber, EH Bilduk eta PSE-EEk eskatzen zuten Jaurlaritzak "publikoki argitu" behar zuela okerreko ordainketak ez direla izan laguntza jasotzen dutenen iruzurragatik, baizik eta Lanbideren kudeaketa okerragatik.