Olentzero Frankfurten izan da, etzi Euskal Herriko kaleetara etorri aurretik. Bankuei nahi adina diru eskaini die, merke-merke, eta bankuek aukera baliatu dute. Ia 500.000 milioi euro eskatu dizkiote, espero baino askoz ere gehiago. EBZ Europako Banku Zentrala izan da Frankfurteko Olentzero. Bankuei %1eko interesarekin utzi die dirua. Ia doan. EBZ da bankuen mailegu emailea zuzenean, eta baita estatuena ere, zeharka bada ere.
Zenbat diru utzi die EBZk bankuei?
489.191 milioi euro, 523 bankuri. Beranduenez, hiru urte barru bueltatu beharko dute, 2015eko urtarrilaren 29rako. Lehenago ere bueltatu dezakete. Lehenengo urtean %1eko interesa ordaindu beharko dute; lehenengo urtetik aurrera, ordaindu arteko interes tasa ofizialen batez bestekoa. %1 ingurukoa espero dute.
Bankuen diru premiaz gain, eskatutako kopuruan eragina izan du EBZk bankuei aktibo kaskarragoak onartu dizkiela maileguen berme gisa uzteko.
Diru asko al da?
Bai, jakina. EBZk operazio bakarrean inoiz utzi duen kopuru handiena. Espero zen kopuruaren bikoitza da.
Enkantearen arrakasta zalantzan jartzen zutenek arrazoi nagusi bat aipatzen zuten: EBZra diru eske jotzen zuen bankuak arazoak onartzen zituela. Praktikan, ordea, Europako ia banku guztiek eskatu dute, estigmaren beldurrik gabe.
Zein da EBZren helburua?
Bankuen likidezia arazoak samurtzea eta bankuei utzitako dirua herritarrengana eta enpresa txiki eta ertainetara iristea, maileguen bidez. Dirua ekonomia errealera iristea nahi du, motelaldiari aurre egiteko.
EBZrena ezohiko operazioa da, eta dirua bueltatzeko epea asko luzatu die, orain arteko urtebetetik hiru urtera. 2009ko ekainean bankuei 442.240 milioi euro utzi zizkien, %1eko interesarekin eta urtebetean bueltatzeko.
Zer egingo dute bankuek diruarekin?
Negozioa. Alde batetik, bueltatu beharreko dirua bueltatzeko erabiliko dute,bankuek 700.000 milioi euro inguru itzuli behar baitituzte aurten, horietatik 230.000 milioi euro lehen hiruhilekoan. Bestetik, diru merkearekin negozioa egiteko, errentagarritasun handiagoa eskaintzen duten produktuetan inbertitzeko, zenbait herrialderen epe motzeko zorretan, esaterako. Horien errentagarritasuna %2-5 artekoa da, erakargarria, beraz, mozkinen tartea asko txikitu zaien bankuentzat.
Teoria erraza da: EBZk bankuei dirua merke utzi die; bankuek diruarekin likidezia arazoak konponduko dituzte; EBZk bankuei birkapitalizatzen eta kapital premia berrietara egokitzen lagunduko die; bankuek diruaren zati bat gobernuen zor bonuetan inbertituko dute, zorraren bigarren mailako merkatuetan, EBZren diruari etekin handia ateratzeko;erosketa horiek zor merkatuak lasaituko dituzte eta herrialdeentzat merkeagoa izango da zor merkatuetan dirua lortzea; eta bankuen dirua herritarrengana eta enpresetara iritsiko da.
Dirua iritsiko al da herritarrengana?
Auskalo, teoriaren eta praktikaren artean alde handiak baitaude, eta herritarrena eta enpresena katearen azken maila baita. Hori bai, EBZren diru zaparradak zeharkako ondorioa izan dezake herritarrentzat: Euribor indizeak, hipoteka gehienak kalkulatzeko indizeak, behera egitea. Euriborra euroguneko bankuek elkarri dirua uzten dioten interesen batez bestekoa baita. Atzo eguneko tasa %2tik behera jaitsi zen (%1,997), martxotik lehen aldiz.
Zein dira arriskuak?
Bankuek EBZren diruaren mende jarraitzea, eta EBZren babesetik kanpo aukerarik ez izatea. EBZren maileguak dira zenbait bankuren diru iturri bakarra. Bankuen arteko merkatua itota dago, bankuek ez diote dirurik uzten elkarri. Eta EBZ arrisku bikoitza onartzen ari da: bankuek emandako maileguak ez bueltatzea eta maileguen truke utzitako herrialdeen zor bonuak ezin kobratzea.
EBZk egingo al dubeste enkanterik?
Beste bat, otsailaren 29an.
Zein izan da merkatuen erantzuna?
Europako burtsa nagusienek galerak izan zituzten eta arrisku sariek gora egin zuten: Espainiarenak 21 puntu, 334ra, eta Italiarenak 20 puntu, 485era.
Olentzero Frankfurten
EBZk eskainitako diru merkeak espero baino eskaera handiagoa izan du, eta ia 500.000 milioi euro utziko dizkie bankueiDirua %1eko interesean jasoko dute, eta hiru urte izango dituzte bueltatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu