Pentsioak

«Onartezina da gutxieneko pentsioak izendatu ere ez izana»

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak argiak baino askoz ilun gehiago ikusi dizkio pentsioen erreformari: «sistema publikoa mehatxupean dago oraindik»

Pentsiodun bat protestan, Bilbon eginiko mobilizazio batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko uztailaren 2a
13:47
Entzun

Euskal Herriko Pentsiodunen mugimenduak argiak baino askoz ilun gehiago ikusi ditu Espainiako Gobernuak onartu berri duen pentsioen erreforman. Begi onez ikusi dute KPIaren araberako igoera, baina, haien ustez, pentsiodunen ekinari esker lortu da. Kritika zabalagoa da, ordea, eta, besteak beste, «onartezina» iruditu zaie gutxieneko pentsioak izendatu ere ez izana, eta generoko arrakala ixten joateko neurririk ez adostea.

Pentsiodunen mugimenduaren arabera, erreforma egin den arren, pentsio sistema publikoa «mehatxupean» dago oraindik ere. Xehetasun positiboa da KPIaren araberako urteroko eguneraketa, baina, zehaztu dutenez, «ez da bermatzen», bost urtean behin aztertuko baita. Izatezko bikoteen ingurukoak ere aurrerapausoak direla uste dute; baita kotizazio luzapen eskubidea eta zaintzaileen lan itunetako hobekuntzak ere.

Kritikak, baina, txaloak baino gehiago dira. Haien ustez pentsio plan pribatuak sustatzeko asmoak bere horretan dirau, eta nabarmendu dute jasangarritasun faktorea indargabetu den arren beste faktore bat ezarriko dela, 2011ko erreforman inspiratua. Eta, haien ustez, faktore horrek «eragin negatiboa» izango du oraingo eta etorkizuneko pentsioetan.

Pentsiodunen ustez erreforma honekin ez da bermatzen pentsioen finantzaketa, eta Espainiako Gobernuak aurten egin asmo duen 13.939 milioi euroko transferentzia ez da aski izango. Berme falta horrek «ziurgabetasuna» sortzen du, eta ziurgabetasun hori pentsio sistemari eragiteko erabiliko dela uste dute. Ziurgabetasun hori uxatzeko pausoen artean ezinbesteko ikusten dute lan erreforma egitea.

Kritikarik gogorrena, dena den, akordioan gutxieneko pentsioen inguruko aipamenik egin ez izanak eragin du. Pentsiodunek 1.080 euroko mugan ezarria dute muga hori, eta gogorarazi dute horren azpitik dabiltzan pentsiodun gehienak emakumeak direla. Horregatik, pentsiodunentzat «onartezina» da generoko arrakala ixteko pausorik eman ez izana, esaterako, alarguntasun pentsioetan eraginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.