Ondare Zerga ezabatzearen alde bozkatu dute EAJ, PP eta PSE-EEk

Ezker Batuak araua bere horretan jarraitzeko aurkeztu zuen mozioa errefusatu dute Araban Biltzar Nagusiek

Ivan Santamaria.
2008ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Ondare Zerga ezabatzeko asmoz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek aurkeztu nahi duten erreformak gehiengoa ziurtatuta izango du Biltzar Nagusietan, beti ere atzo Araban ikusi zen argazkia errepikatuz gero. EAJk, PPk eta PSE-EEk bat egin zuten zerga hori ez desagertzeko Ezker Batuak aurkeztu zuen mozioa atzera botatzeko.

Espainiako Gobernuak Ondare Zerga kentzeko erabakia hartu zuen duela zenbait hilabete. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, autonomia fiskala dute zerga izaten jarraitzea edo ez erabakitzeko. Joan den urrian egin zen Finantzen Euskal Kontseiluan, dena den, Ondare Zerga kentzea «litekeena» zela iragarri zuen Idoia Zenarrutzabeitia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ogasun sailburuak.

Araudiak zergapekoen artean «desorekak» sortzen dituela argudiatu zuen EAJko legebiltzarkide Pedro Elosegik, mozioaren aurka bozkatuko zutela azaltzeko. Haren irudiko, «ez da egia» zerga hori soilik errenta handienek eta aberatsenek ordaintzen dutenik. Mozioaren alde eta erreformaren aurka bozkatu zuten EAko, Aralarreko eta EAE-ANVko hautetsiek, EBrekin batera.

Aurten, guztira, 180 milioi euro bildu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek Ondare Zergari esker, aurreko urtean baino %17 gehiago.

BEZa behera Erresuma Batuan

Politika fiskalaren erabilera Euskal Herrian eztabaida iturri den bitartean, bi aldaketa esanguratsu iragarri zituen atzo Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroak. Alde batetik, kontsumoa suspertzeko BEZa bi ehuneko murriztea proposatu du. Bestalde, urtero 177.000 euro baino gehiago kobratzen dituztenei zerga tasa %40tik %45era igotzea nahi du Gordon Brownen gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.