Koronabirusaren krisiak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko neurri sorta bat hitzartzea zuen helburu Euroguneko Ekonomia eta Finantza ministroen arteko bilerak, baina akordiorik gabe amaitu da. Hamasei ordu igaro dituzte bilduta, baina ez dute lortu erabaki bateraturik hartzea. Eurotaldeko presidente Mario Centenok eman du erabakiaren berri, sare sozialetan: «Hamasei orduko eztabaiden ostean, akordio batera hurbildu gara, baina ez gara iritsi». Gauzak horrela, ministroak bihar elkartuko dira berriz ere. Biharkoa da estatu eta gobernuburuek erantzun bateratu bat emateko ezarritako epearen azken eguna.
Centenoren proposamena honako hau zen: EB Europako Batasuneko erreskate funtseko 250.000 milioi euro maileguetarako erabiltzea, Inbertsioetarako Europako Bankuaren 200.000 milioi euro enpresei bideratzea, eta Sure langabeziarako funts komuneko 100.000 milioi euro aldi baterako erregulazioekin laguntzeko erabiltzea.
Aurreko bileretan gertatu bezala, ordea, erreskate funts baten onespenak eta zor bateratu baten jaulkipenak iparraldeko eta hegoaldeko estatuen arteko banaketa eragin du. Hegoaldeko estatuek, tartean Italia, Frantzia eta Espainia, «Marshall plan» moduko bat eskatu dute: bonu bateratu batzuk jaulkitzea, edo nolabait denei interes eta arrisku berak ezartzea zorrarekiko. Horretarako, 360.000 milioi euroko funts mutualizatu bat proposatu du Frantziak, merkatuetan finantzatu litekeena.
Horiek, baina, iparraldeko estatuak dituzte aurrez aurre, Herbehereak, Alemania, Austria eta Finlandia buru. Herbehereek erreskate funts bat proposatu dute krisiari aurre egiteko tresna gisa, eta hainbat baldintza ezarri nahi dituzte funts horretako kredituak eskuratu ahal izateko. Italiak gogor kritikatu du proposamena, besteak beste, horien erabilpenerako baldintzak bete behar izatea gaitzetsita.
Bien bitartean, kutsatu eta hildako kopuruak gora egin dute, eta Italian eta Espainiako estatuan beharrezkoak ez diren jarduera ekonomikoak geldirik daude. Gauzak horrela, estatuek Egonkortasun Ituna baliatu dute ekonomia sustatzeko, baina horrek zorra eta defizita pilatzea dakar estatuentzat. Zorra pilatzearen asmoa ekonomiaren gainbehera eragoztea da: aldi baterako erregulazioak, langabezia laguntzak... Beharrezkoa dute, ordea, segurtasun sare baten onespena eta errekuperaziorako plan bat onartzea, eta horretan ari dira Ekonomia eta Finantza ministroak.