Ondorioak

2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Bezeroentzat. Oraingoz, ezer gutxi. Caixak erabaki du Nafarroako Kutxa erabiliko duela marka gisa hasieran, Nafarroan dituen bulegoetan behintzat. Ikusteko dago zer gertatuko den Caixak Nafarroan dituen bulegoekin, edo CANek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituenekin. Banca Civica izena, ordea, erabat desagertu egingo da. CAN marka baizik izango ez denez, pentsatzekoa da haren bulegoetan eskaintzen dituzten maileguak edo beste finantza produktuak Caixaren berdinak izango direla. Horrek lehia eskastea ekarriko du, eta, kasu batzuetan, bezeroek eskaintza erakargarri gutxiago izatea.

Langileentzat. Horiek bai igarriko dutela bat egitea, eta hasieran behintzat ez da onerako izango. Izan ere, Caixabank berrituak 6.590 bulegotik gora izango ditu, horietatik 424 Hego Euskal Herrian. Caixak iradoki du bulego horietatik mila inguru itxi egingo dituela. 3.400 lagunek lana galduko dute, gaur egungo langileen %10ek. Non eta noiz ez dute zabaldu, baina erregulazio espediente bat eta erretiro aurreratuak izango direla azaldu dute.

Akziodunentzat. Oraingoz, oso salbuespen txikiekin, dirua galduko dute, Caixabankek bere tituluen truke egingo dien eskaintza beraiek pagatutakoa baino gutxiago delako. Uztailean Banca Civica burtsaratu zutenean 2,7 euro pagatu zituzten akzio bakoitzeko, eta orduz gero balioa galtzen joan da, ia etenik gabe. Ostiralean 2,22an itxi zuen —uztailean baino %17,7 gutxiago— eta atzo ezin izan zen salerosi, CNMVren kotizazioa eten zuelako. Uztailean 60.000 akziodun txiki zituen Banca Civicak, eta horietatik 26.000 ziren nafarrak; orain 79.000 dira. Epe erdira irabazten atera daitezke, baldin eta Caixabankeko akzioak balioa hartzen badu. Oraingoz, Banca Civica baino okerrago doa: ostiralean 3,145 euro balio zuen akzio bakoitzak, uztailean merkaturatu zirenean baino %30,5 gutxiago.

Gizarte ekintzarentzat. Hori ere ikusteko dago, emaitzen araberakoa baita. CANek dio gehiago izango duela, Caixabanken irabaziak handiagoa izanik gehiago izango duelako banatzeko, baina etorriko den zati bat Caixak berak Nafarroan egiten zuen gizarte ekintzaren zatia izango da.

Nafarroarentzat. Eragina galduko dute Nafarroako erakundeek. Lehen kutxa txiki baina oso bat zuten lurraldearen garapen ekonomikoa bultzatzeko; orain, berriz, banku handi baten partaidetza txiki bat baizik ez dute (%1,3ra ez da heltzen), eta hartan eragiteko indarrik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.