Ari da gerturatzen opor fiskalen foiletoiko azken kapitulua. Gaur erabakiko du EBko Justizia Auzitegiak ea Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak isunik merezi ote duten laguntzak berandu berreskuratzeagatik. Zigorra balego, zenbatekoa izango den ere gaur argituko du, eta ez da aukerarik izango helegitea jartzeko. Ez dago baikortasunerako motibo handirik. Auzitegiak gehienetan abokatu nagusiaren eskaera onartzen du, kasu honetan Eleanor Sharpstonena, eta hark 50 milioi euroko isuna du galdeginda (Europako Batzordeak 64 milioi eskatzen ditu).
Berez, isun eskaera Espainiaren aurkakoa izango da, EBko auzitegiak estatukideekin soilik tratatzen duelako. Baina Madrilgo Gobernuak lege bidez argi laga du foru aldundiek emandako laguntzen erantzukizuna haiena dela; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioek ordaindu beharko dutela isuna, alegia. Eta itxura guztien arabera, hori izango da hurrengo kapitulu gorabeheratsua: zenbat ordaindu beharko duen bakoitzak.
Hurrengo liskarra: nola ordaindu
1993tik 1999ra bitartean enpresak erakartzeko asmoz emandako laguntzak dira opor fiskalak. Hiru aldundiek hirurehun enpresa ingururi legez kanpoko zerga pizgarriak eman zizkieten atzerriko inbertsioak erakartzeko. Alabaina, diputazio bakoitzak ez zuen opor fiskal kopuru berbera banatu, Arabak erabili zuen gehien laguntza hori: opor fiskaletatik ogasunek berreskuratu zuten diruaren %21 zen Bizkaiarena, %13 Gipuzkoarena, eta gehiena, %66, Arabarena. Proportzionaltasun hori kontuan hartuko balitz, beraz, Arabak izango luke arazorik handiena.
Joan den astean egindako adierazpenetan, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak adierazi zuen isunaren %70 Eusko Jaurlaritzak ordaindu behar lukeela, opor fiskalen diru sarreren ehuneko hori jaso zuelako bere garaian. Gainerakoa diputazioen artean banatu beharko litzatekeela dio, Ekarpenen Legeko koefizienteak kontuan hartuta.
Berez, EAEko administrazioen arteko diru joan-etorriak Ekarpen Legearen arabera araututa daude. Horren barruan, zerga bidez bildutako diru guztia bateratzen da, eta ondoren Jaurlaritzaren eta aldundiaren artean banatzen da, koefiziente batzuei jarraituta. Bizkaiak %50eko pisua du ekonomian, Gipuzkoak %34koa eta Arabak %16koa, gutxigorabehera. Horregatik, isuna Ekarpenen Legea aintzat hartuta ordainduko balitz, Bizkaia izango litzateke kaltetu nagusia. Abokatu nagusiaren zigor eskaera iritsi zenean, bai Bizkaiak eta bai Gipuzkoak esan zuten emandako laguntzen proportzionaltasuna kontuan hartzeko eskatuko zutela.