Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako opor fiskalak legez kanpokotzat jo ditu Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak gaur. 1990eko hamarkadan enpresen sorrera bultzatzeko aldundiek onartu zituzten hiru neurrietatik bigarrena eta hirugarrena Europako Batasunaren merkatu bakarraren kontrakoak direla dio epaiak.
Ondorioz, enpresa horiek orduan ordaindu ez zutena ordaintzera behartuko ditu, guztira, 500 milioi euro inguru, Bruselaren kalkuluen arabera. Gainera, Europako Batzordeak Espainiari 40 milioi euroko isuna ordaintzeko eskatu dio Lehen Auzialdiko Epaitegiak opor fiskalen aurkako epaia eman ondoren, ez dituelako oraindik diru-laguntza horiek berreskuratu. Egunetik egunera, handiagoa izango da isun hori.
Auzitegiak atzera bota du hiru lurraldeetako aldundiek aurkeztu zuten helegitea. Helegitean zioten denbora asko behar izan dutela epaia emateko, eta hori baimena ematea bezala dela. Ekainaren 9an jada, opor fiskalak osatzen dituzten hiru neurrietako lehena legez kanpoko dela ebatzi zuen; gaur beste bien inguruan hartu du erabakia: opor fiskal txikiak (%25-99 arteko kenkariak sozietate zergan), eta zerga pizgarriak (inbertsioen %45 berreskuratzeko aukera).
Ekinaren 9ko epaia ikusita, beste biak ere legez kanpokotzat jotzea espero zen, Lehen Auzialdiko Epaitegiak ere hala egin baitzuen bi kasu horietan. Lehen neurriaren sententziak zioen opor fiskalak estatu laguntzak izan zirela, "merkatu bakarrarekin bateraezinak". Gogoratu zuen diputazioek ez ziotela haien berri eman Europako Batasunari, onartu zituztenean.
Aurreko epaia ezagutu ostean aldundiek esan zuten ez zuela horrek eraginik enpresak laguntzetan jasotako diru guztia bueltatua zutelako. Europako Batzordeak, ordea, dena ez dutela itzuli uste dut. Isunaren inguruan argitzeko dago nork eta nola ordainduko duen. Justizia Auzitegiak herrialdeak zigortzen dituenez Espainiaren izenean dago isuna, baina horrek dio Eusko Jaurlaritzak aldundiek ordaindu beharko dutela.
Zerrendarik ez dagoen arren, neurriak 300 enpresa ingururi eragiten diela uste du Bruselak.