Europatik apurka-apurka heltzen joan diren gomendioak pausoz pauso betetzen ari da Mariano Raxoiren gobernua. Espero zitekeenaren ildotik doazen doikuntzak iragarri baditu ere, eskuak burura eraman zituzten atzo alderdi politikoetako ordezkariek Espainiako Diputatuen Kongresuan, Raxoi erabakien zerrenda luzea irakurtzen zihoan neurrian, zer etorriko den atsekabetuta, kezkatuta eta ezin egonik. Hona hemen heldu ziren gobernuen, alderdien eta sindikatuen erantzunak.
Eusko Jaurlaritza zain egongo da, neurriak zehatz-mehatz ezagutu arte, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan aplikatu beharko diren ala ez jakiteko. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak kritikatu egin du gobernua «murrizketetan» oinarritzen ari dela, benetako gaiari eutsi beharrean: ekonomia suspertzeari. Haren arabera, «beste behin ere» ahulenak izango dira ahalegin gehien egin beharko dutenak. «Langabezia handiagoa, pobrezia handiagoa eta atzeraldi sakonagoa» ekarriko du, Gemma Zabaleta Lan sailburuaren ustetan.
Nafarroako Gobernuak ere herritarren eta langile publikoenahaleginak izan ditu hizpide, baina, Jaurlaritzak ez bezala, hark aitortu du Espainiako Gobernuaren neurriak ezarri egin beharko dituela, horietako batzuk bere egiten ez baditu ere. Langile publikoen soldatei eragiten dien legediaren zain egongo dela nabarmendu du, ondoren hori Nafarroako funtzionarioei nola aplikatu aztertzeko. Hala ere, neurriak «oso gogortzat» jo ditu, eta egoera ekonomiko «larriaren» adierazle direla uste du.
Kongresuan ordezkaritza duten Euskal Herriko alderdiak ere gobernuaren erabakien aurka agertu dira. Josu Erkoreka EAJren diputatua irmo agertu da autogobernuaren alde. Haren arabera, gobernuak egoera aprobetxatu nahi du autogobernua «aurrean eramateko», baina EAJk «erasoei» erantzuna emango diela ohartarazi du. Horrekin batera, gogorarazi du finantza erakundeentzako erreskatea ez dela doakoa izango, eta gobernuak iragarri dituen neurrien garrantzia azpimarratu du: «Ez da murrizketa bat gehiago: murrizketa guztien ama da».
Rafa Larreina Amaiurreko diputatuak Euskal Herriaren izaera aintzat har dezan eskatu dio Raxoiri, Europak neurriak proposatzerakoan herrialde bakoitzaren egoera eta izaera kontuan hartzen dituen bezala: «Krisitik irteteko, bada alternatiba bat: Euskal Herriko ezkerreko indar subiranistek aurkezten duten proposamen sozioekonomikoa». Larreinak salatu du erabakiak hartzen dituztenak «euroburokratak eta finantza konpainia handiak» direla, eta ondorioz herritarrak politikariekiko konfiantza galtzen ari direla.
Kongresutik kanpo, Euskal Herria Bilduk EAJren jarrera gaitzetsi du, «beti» Espainiako Parlamentuan bozkatzen diren «doikuntza eta murrizketen» alde agertzen dela ziurtatu baitu. Ezker Anitzako koordinatzaile Mikel Aranak, berriz, uste du neurri berriek «demokrazia baliorik gabe» uzten dutela, eta gobernuari herritarren interesak ez defendatzea egotzi dio. «Bankariak erreskatatzen ditu, herritarrak pobretzearen kontura», esan du Aranak.
Sindikatuak, kalera
Euskal Herria «hondamenera» eramango duen «diktadura ekonomikoa». Horixe da LAB sindikatuak irudikatu duen errealitatea. Raxoiren gobernuaren erabakiek giza eskubideak nahiz lan arloko eskubideak murriztuko dituztela iritzi dio, «inposizio» gehiago besterik ez direla eta horien bitartez familien ekonomiak «ito» egingo dituztela. Horiek horrela, LABek mobilizazioak antolatuko ditu datozen egunetan. Hala egingo du ELAk ere: «Irtenbide bakarra da», adierazi du ohar baten bidez. ELAk Hego Euskal Herriko administrazio guztiei dei egin die autonomia defenda dezaten, «politika neoliberal horiei aurre egiteko». Zerbitzu publikoak pribatizatu nahi izatea leporatu dio Raxoiren gobernuari, eta langileak «gatibu» hartu dituela. Murrizketak «ustezko erreskaterako» jasotako diruaren ordaina direla uste du sindikatuak.
Euskadiko CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok gogor kritikatu ditu neurriak: «Zinikoak, moralik gabeak eta erabat desorekatuak dira». Lehenengo balorazioa egitean, Sordok nabarmendu du BEZa igotzeak kontsumoa eta jarduera ekonomikoa «okertu» egingo dituela eta horrek langabezia gehiago eragingo duela.
Oposizioa, atsekabearen irudi
EAJk autogobernuaren alde egingo du; Amaiurrek uste du Euskal Herrian dagoela krisiaren irtenbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu