Orain abiatuko da eraikuntzako erorketei aurre egiteko kanpaina

Jaurlaritzak, Confebask patronalak, eta CCOO nahiz UGT sindikatuek hitzartu dute, gizarte elkarrizketaren baitan

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Ia sei hilabete igaro dira Eusko Jaurlaritzak, Confebask patronalak, eta CCOO nahiz UGT sindikatuek gizarte elkarrizketako mahaiaren lehen akordioak aurkeztu zituztenetik. Ekitaldi horretan eraikuntza sektorean gertatzen diren erorketei aurre egiteko ekimen «berritzailea» iragarri zuten. Atzo, azkenik, programa horren nondik norakoak jendaurrean aurkeztu zituzten mahaia osatzen duten erakundeetako arduradunek.

Lotu izena jarri diote egitasmoari, eta helburu nagusia erorketak eragiten dituzten arrisku nagusiei kontra egitea da. Lau dira, batez ere: eskaileren erabilera okerra, zuloak ondo estalita ez egotea, aldamioen egitura, eta obra batean aldi berean enpresa ugari aritzea. Azken horri dagokionez, lanean ari den eragile bakoitzak dituen ardura eta erantzukizunak argituko dituen gida argitaratuko dute.

Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Lan sailburuaren ustez, arriskuen prebentzioan aritzeko «aldaketa erradikala» ekarriko du Lotu programak, eta, arrakasta badu, ez du baztertzen antzeko ekintzak beste sektore batzuetan bultzatzea. Hain zuzen ere, arriskuari kontra egiteko politika orokorretik «arazo zehatzetara» jauzi egingo da.

Hain zuzen ere, joan den urteko lan istripu hilgarri traumatikoen %45 erorketen ondorio izan zela azpimarratu zuen sailburuak, egitasmoaren beharra aldarrikatzeko. Patronalaren arabera, Lotu 1.200 enpresatara eta 30.000 langilerengana iritsiko da. Sailburuak uste du programa horrek ez duela Osalanek egiten duen lana «gutxietsiko», osagarriak direlako.

LABek kanpaina kritikatu du, eta berritzailea dela esatea «gezurretan aritzea» dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.