Langabezia

Orain urtebete baino 13.000 langabe gutxiago daude Hegoaldean

Aurreko urtearekin alderatuta langabezia jaitsiera apaldu den arren, afiliazioen hazkundea handitu egin da: urtebetean 27.594 pertsona gehiago daude Gizarte Segurantzan izena emanda.

Bi emakume enplegu bulego batean, zain. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
xabier martin
2018ko urtarrilaren 3a
15:12
Entzun

Iazko urte osoa kontuan hartuta, Nafarroak izan ditu datu onenak, %10,77ko jaitsierarekin. Ordea, ez da berdin gertatzen azken hilabeteko zenbakiei begiratuta. Izan ere, abenduan gora egin du langabe kopuruak: 511 gehiago dira. Nafarroan ez ezik, Gipuzkoan ere 146 langabe gehiago daude abenduaz geroztik.

Aldiz, azken hilabetea positiboa izan da Hegoaldeko beste bi lurraldeetan. Bizkaian, esaterako, 763 langabe gutxiago daude abenduaz geroztik, eta Araban, 129.

Horiek horrela, 163.279 langabe daude gaur egun Hego Euskal Herrian, betiere langabezia erregistratuaren datuen arabera; orain urtebete, 176.218 zeuden. Beraz, jaitsiera kasik 13.000koa izan da (%7,3). Langabeziaren jaitsiera apaldu egin da 2016arekin alderatuta; orduan, 17.000 izan ziren langabeziaren zerrendetatik ateratakoak; eta 2015ean, berriz, 20.000.

Afiliazioarentzat, ordea, datu onak utzi ditu 2017ak. 1.218.324 pertsona daude Gizarte Segurantzan izena emanda, iaz baino %2,3 gehiago. Hazkunde hori aurreko urtekoa baino handiagoa da. Urtebetean 27.594 langile gehiago dago kontratu batekin, Hegoaldean. 2016ko hazkundea 23.230ekoa izan zen.

Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enplegu sailburua gustura azaldu da datu horiekin; "aurretik egiteko asko" dagoela esan du, langabezia %10etik behera jaistea delako Jaurlaritzak jarritako helburua. Sortzen den enpleguak ere "kalitate handiagoa" edukitzea dutela xede, hala erantsi du Artolazabalek.

Datuak:

Araba: 20.639 langabe. Azaroarekiko: -129 (%-0,62). Iazko abenduarekiko: -1.492 (%-6,74).

Bizkaia: 72.936 langabe. Azaroarekiko: -763 (%-1,04). Iazko abenduarekiko: -4.141 (%-5,37).

Gipuzkoa: 33.972 langabe. Azaroarekiko: 146 (%0,43). Iazko abenduarekiko: -2.993 (%-8,10).

Nafarroa: 35.732 langabe. Azaroarekiko: 511 (%1,45). Iazko abenduarekiko: -4.313 (%-10,77).

Hego Euskal Herria: 163.279 langabe. Azaroarekiko: -235. Iazko abenduarekiko: -12.939.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.