Europako egoerak eta finantzaketa faltak kezka eragiten dute, eta tamaina oztopo da. Halere, baikor dago AFM Espainiako Makina-erremintaren Ekoizleen Federazioa —enpresen %80 Hego Euskal Herrikoak dira— . Posible ikusten du 2011ko emaitzak berdintzea, esportazioengatik.
Urtea uste baino hobeto hasi da makina-erremintarentzat. Zuen sektorea beste batzuk baino hobeto ari zaio eusten egoerari?
Makina-erremintak ikusten du nola dagoen egoera; gure errealitatea eta beste sektoreena oso antzekoak dira. Arrazoi batengatik dira gure aurreikuspenak zertxobait ezberdinak: sektorea oso bideratuta dagoelako esportazioetara. Kanpoan saltzen dugu, eta horrek aukera ematen digu munduan dauden egoerez baliatzeko. Hemen inguruan eta estatuan, gauzak oso zail daude, baina Alemania ez dabil hain gaizki: asko ari da esportatzen. Txina eta India zertxobait moteldu dira, baina merkatu oso garrantzitsuak dira.
2008a inoizko urterik onena izan zen zuentzat. Orduko datuak urrun daude oraindik?
2009an, %30 jaitsi genuen ekoizpena, eta 2010ean, %8,5. 2011n, gora egin genuen, baina, 2008tik, %25 behera gabiltza oraindik.
Iazko emaitzak berriz lortzea jarri duzue helburu.
Bai, uste dugu urte ona izan zela. Dena den, nahiko genuke enpresa guztiek antzeko bilakaera izatea. Hobeto ibili dira enpresa handiak, nazioartekotzea garatuago dutenak eta merkatu jakin batzuetan daudenak. Barne merkatuan eta Europan gertu saltzen dutenek arazo gehiago izan dituzte.
Esaten duzue merkatuan zalantza dela nagusi. Zerk kezkatzen ditu, batez ere, enpresak?
Europaren egoera da kezka handienetako bat. Zalantza handia eragiten du, eta egoera hori inoiz ez da ona inbertsio handiak egiteko. Gure makinek, batez beste, 400.000 euroko prezioa izan dezakete, baina baditugu hogei milioikoak ere. Enpresa batek halako inbertsioa egin behar badu, zalantzek ez dute laguntzen. Asiak ere kezkatzen gaitu. Txina da makina-erreminta gehien kontsumitzen duen herrialdea. Han ere, etxegintzan, burbuila partikularra dute. Horrez gain, ekonomia eraldatzen ari dira: ekoizpenean eta esportazioetan oinarritutako ekonomia batetik, barne kontsumoko ekonomia batera doaz, eta kezka dugu kontsumoa motelduko ote den. Petrolioaren prezioak ere eragiten digu.
Finantzaketa lortzeko zailtasunak ere askotan aipatu izan dituzue. Arazo hori konponduta dago?
Ez, eta finantzaketa gakoa da eguneroko gastuak aurrera eramateko nahiz inbertsioak egiteko, gure produktuak garestiak baitira. Ahaleginak egin dira, bermeak jarrita eta abar, baina, oraindik, salerosketak galtzen dira finantzaketa faltagatik. Arazo serioa da kontratuak galtzea jarduerarekin eta lehiakortasunarekin zerikusirik ez duen faktore batengatik.
Enplegu aldetik, zer espero duzue?
Ekoizten duten enpresentzako produktuak egiten ditugu guk; geurez, ez gara ekoizpen sektore bat, teknologien ezagutza sektore bat baizik. Eta pertsonekin kudeatzen da ezagutza; gure enpresen oinarria pertsonak dira. Horregatik, gauzak gaizki doazenean, askoz gehiago eusten diogu. Hala ere, bi urtean %40ko jaitsiera izan dugu ekoizpenean, eta, horren eraginez, enpleguen %11 inguru galdu ziren 2009an eta 2010ean. Iaz, %5 egin genuen gora. Gauzek orain arte bezala segituz gero, aurten eutsi egingo diogu enpleguari, edo zertxobait haziko da.
Iaz, salmenten %80 atzerrian egin zenituzten. Makina-erreminta zergatik dago beste sektore batzuk baino zabalduago nazioartera?
Industria produktuak errazago egokitzen dira esportazioetara, teknologiaren eta prezioaren arteko erlazioak aukera ematen duelako. Eta, industria produktuen barruan, makina-erremintak historian beti mugitu izan dira herrialde industrializatu batetik bestera.
Euskal enpresek zein zailtasun dituzte atzerrian lehiatzeko?
Alde batetik, lehiakortasuna. Guk saltzen dugun tokietan, herrialde guztietako enpresak eta enpresarik onenak daude. Halako lehia dagoenean, produktua asko doitu behar da beharretara, prezioetara, kalitatera eta errendimendura. Bestetik, lehiakortasunaren eraginez, garapen teknologikoak ere oso handia izan behar du. Inbertsio handiak eskatzen ditu horrek, eta gure enpresak txikiak dira. Horrez gain, ondo dauden merkatuak oso urrun ditugu. Saldu ostean, zerbitzua eman behar da, eta hori tokian-tokian antolatu behar da. Merkatu batzuek tokian tokiko ekoizpena ere eskatzen dute: adibidez, Txinak eta Indiak, produktuen prezio eta ezaugarriengatik. Eta, berriro diot, gure enpresak txikiak dira.
Esportatzeaz gain, beharrezkoa da beste herrialde batzuetan lantegiak irekitzea ere?
Enpresa bakoitzak diseinatu behar du nazioartekotze estrategia bat. Ikusi behar du lehiakor izateko non ekoitzi, non saldu eta non erosi behar duen.
Euskal enpresek zer dute atzerrian eskaintzeko?
Malgutasuna; bezeroa ulertu, eta gure makinak hari egokitzen badakigu. Esperientzia ere bai: piezak egiten badakigu. Eta serioak gara.
Eta gabezia nagusiak zein dira?
Tamaina. Inbertsioak eskatzen ditu sektoreak, eta inbertsioak tamaina eskatzen du. Kooperazio arloan ere, badugu zer hobetu. Barneratua dugu elkarlanaren beharra, baina oraindik bide handia dugu egiteko.
Enpresen arteko fusioak ez dira oso ohikoak.
Ez dakit orain norbaitek fusiorako asmorik baduen, baina enpresa batzuk ari dira elkarlanean hainbat proiektutan. Adibidez, AFMk eta elkarteko bost enpresak laguntza teknikorako zerbitzu bat dugu Txinan. Bost enpresa horietakoren batek makinaren bat saltzen badu Txinan, zentroak lagunduko dio makina muntatzen eta mantentze zerbitzua ematen. Aurten hasi dugu proiektua, eta oso ondo ari da funtzionatzen.
Txina da, dagoeneko, zuen bezero nagusia. Horrek zein aldaketa eragin ditu enpresen lan egiteko moduan?
Munduan saltzen diren hamar makinetatik lau Txinan saltzen dira, eta ez edozein motatakoak: makina merkerik ez da saltzen han. Grabitate zentroa gertutik urrunera mugitu da, eta horrek eragiketa guztietan ditu ondorioak: produktuan, zerbitzuetan...
Zer egin behar litzatekeela uste duzu krisia gainditzeko?
Murrizketa garai batean gaude; norberak badaki ez dela posible sartu baino gehiago gastatzea. Uste dut doiketa hori denok onartzen dugula. Hortik aurrera, ikusi behar dugu zertan erabili orekatu dugun diru horri. Niretzat, industriak ekarpen oso handia du, eta uste dut apustua egin behar litzakeela biderkatze efektua duten jardueren alde. Industriak, gero, gauza asko ekartzen ditu atzetik.⊝