Oraingoan, Kutxa ere bai

Kutxaren batzar nagusiaren %92k babestu du BBKrekin eta Vitalekin bat egitea eta Kutxa Bank sortzea finantza negoziorakoAralarrek, EBk eta ELAk kontra bozkatu dute, eta LAB abstenitu egin da

Kutxako agintariak, atzoko batzar nagusia hasi aurretik. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
Donostia
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
BBK-ko, Kutxako eta Vitaleko batzar nagusiek ia aho batez onartu dute azken urteetako erabaki garrantzitsuena: hiruren finantza jarduera banku batera pasatzea, Kutxa Bankera. Azken urteetako erabaki garrantzitsuena da, hiru kutxek bat egitea erabaki dutelako —bat egite hotza edo birtuala da— eta aurrezki kutxa izateari utzi eta banku baten bitartez lan egingo dutelako. Kutxaren batzar nagusiak %92,8ko babesa eman zion atzo bat egiteari. 91 ordezkari alde, bost kontra eta bi abstentzio. Bi ordezkari falta ziren.

Kutxan bat egitearen alde bozkatu zuten 91 ordezkarik, kontra bostek eta bi abstenitu egin ziren. Egitasmoaren alde egin zuten EAJk, PSE-EEk, H1ek, Banatuzek, EAE-ANVk, CCOOk, Alternatibak, EAk, Piskanaka Kaskarik eta PPk; kontra, berriz, EBk, Aralarrek eta ELAk. LAB abstenitu egin zen. LAB sindikatuak bi jarrera izan ditu bozketetan: abstenitu egin zen Vitalekoan, eta kontra bozkatu zuen BBK-koan. H1eko ordezkari batek ezusteko txiki bat eragin zuen atzo, abstenitu egin baitzen. Kutxaren babesa BBKren (%95) eta Vitalen (%94,7) parekoa izan da.

Erabakiaren garrantzia eta ondorioak ikusita, inork ez zuen uste halako babesarekin onartuko zenik. Ezta Mario Fernandez BBK-ko presidenteak, Xabier Iturbe Kutxakoak eta Carlos Zapatero Vitalekoak ere. Are gutxiago 2008an BBK-k eta Kutxak bat egiteko asmoak porrot egin eta gero (BBKren batzar nagusiak onartu zuen, Kutxarenak ez). Bat egiteko bosgarren saioak —BBKren eta Vitalen aurtengoa aintzat hartuta— arrakasta izan du, lehenengo saioa egin zenetik sei urtera, krisi ekonomiko bete-betean.

Iturbek agiri instituzional bat irakurri zuen atzoko batzarraren ostean. Bertan onartu zuen neurri batean ezustekoa izan dela proiektuak halako babesa lortzea. «Beste behin», esan zuen Iturbek, «egiaztatu dugu bidea ibiliz egiten dela eta, aurrez pentsatu gabe agian, gizarteari erakutsi diogu elkarrizketaren eta lankidetzaren bideak bere fruituak ematen dituela». «Bide honetatik lanean segituko ahal dugu!», gehitu zuen.

Akordioaren balioa

Akordioak balio erantsia du Kutxako presidentearentzat, gizartearen atomizazioa eta gizarteak proiektu ekonomikoen, sozialen eta politikoen zenbateko premia duen ikusita.

Iturbek atzo nabarmendu zuen Kutxarentzat «erabaki onena» eta «aukera bideragarri bakarra» Kutxa Banken bitartez bat egitea dela. Eta gizarte ekintzako konpromisoak betetzea ahalbidetuko duela. Iturbek «soziala» abizena jarri dio Kutxa Banki, banku pribatuen aldean ezberdina izango dela adierazteko.

Bat egitea onartzeko prozesua oso azkarra izan da, presidenteek martxoan hitzartu baitzuten hiru erakundeak elkartzea, eta ekainaren amaieran aurkeztu baitzuten proiektua. Kutxa Bank 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko da lanean. Kutxa bakoitzak bere markari eutsiko dio, eta Kutxa Banketik kanpo geratuko da kutxa bakoitzaren gizarte ekintza.

Ustekaberik gabeko bozketak izan dira hiru kutxetan, baina prozesuak hainbat ezuste izan ditu. Nagusiena, Bilduren babesa (ezker abertzalea, EA eta Alternatiba). Bilduren babesak garrantzi kuantitatiboa eta kualitatiboa izan du. Kuantitatiboa, Bilduk akordioaren berri eman zuenean Kutxan beharrezko gehiengoa ziurtatu gabe zegoelako; kualitatiboa, berriz, proiektu berriaren babes ideologikoa eta soziala zabalagoa delako, eta proiektuak lehen ez zituen berme batzuk gehitu dituelako.

Bilduk jarrera aldatu du, kutxekin akordioa lortu duelako hiru punturi buruz: alde batetik, diru eta bazkide pribatuak sartzeko baldintzak gogortzea; bestetik, gizarte ekintzara irabazien %30 bideratzea, ez bakarrik lehenengo hiru urteetan, baita hurrengoetan ere; eta Hego Euskal Herriko langileek beren lan baldintza propioak eduki ahal izatea.

Akordioak ez du ELA konbentzitu, eta ez dela ia ezer aldatu uste du; LABentzat, ordea, akordioa ona da, baina lan hitzarmenari buruzko konpromisoa betetzeko zain dago, babesa emateko.

Hiru kutxetako batzar nagusiek lehen oniritzia eman diote elkartu eta negozioa banku baten bitartez egiteko. Hala ere, onespen prozesua oraindik ez da amaitu. Hiruren batzar nagusiek hiru presidenteek hitzartutako bateratze kontratuak babestu dituzte. Kontratu hori aldatu egin da, ordea, kutxek Bildurekin lortutako akordioaren ondorioz. Aldaketak urrian bozkatuko dituzte, berriro ere batzar nagusietan.

Aurreikuspen baikorrak

Iturbek iragan astean Martin Ugalde Foroan egindako mahai-inguruan aipatu zuen finantza erakundeek —eta enpresa guztiek— gutxieneko tamaina bat izan behar dutela merkatuan lehiatzeko. Eta BBK, Kutxa eta Vital txiki geratu direla batez besteko neurri hori aintzat hartuz gero: «Euskal Herria txikiegi geratu zaigu». Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako finantza erakundeen batez besteko tamaina, aktiboen arabera, 91.650 milioi eurokoa zen iazko urte amaieran. Kutxa Bankek 75.729 milioi euroko aktiboak izango ditu.

Kutxa Bankeko arduradun berriek aurreikuspen oso baikorrak egin dituzte 2015erako: kaudimena nabarmen hobetzea, irabaziak bikoiztea, gizarte ekintzara bideratutako dirua ere bai, eta berankortasun tasa erdira jaistea. Oraingoz, ehun milioi euro inguru aurreztea espero dute, gaur egun bakoitzak bere kontura eskaintzen dituen zerbitzuak bateratuta: bulegoak (Hego Euskal Herritik kanpokoak batez ere), zerbitzu orokorrak, erosketak, informazio eta teknologia zerbitzuak...

Bat egitea onartuta, antolaketa eta kudeaketa ereduak zehaztu behar dituzte, Kutxa Bank 2012an lanean hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.