Oraingoz interes tasak igotzeko presarik ez du Trichetek

Prezioak igotzeko arriskuak badaudela dio, hala ere; baita tasak maila apalean daudela ere

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Igoerak etorriko dira, baina oraingoz ez. Hori uler daiteke atzo Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak esandakoetatik. Interes tasak aldaketarik gabe, %2,25ean, mantentzea erabaki zuen atzo Bankuko gobernu kontseiluak, analista guztiek aurreikusi bezala.

Tricheten arabera, euroguneko ekonomiaren hazkundeak «bere dinamikari eutsi dio» 2005eko azken hiruhilekoan, eta hazkunde iraunkor baterako baldintzak «mantentzen dira». Beraz, gauzak ez dira asko aldatu tasak %0,25 igotzeko baliatu zuten abenduko bileratik. Hori bai, prezioak igotzeko arriskua egon badagoela ohartarazi zuen Trichetek, eta petrolioaren azken garestitzea aipatu zuen; baita estatuen kontrolpean dauden prezioen eta zeharkako zergen igoera ere. «Funtsezkoa da arrisku horiek epe ertaineko inflazio aurreikuspenei ez eragitea». Horrekin batera, interes tasak, %0,25eko igoeraren ondoren ere, maila apalean daudela ere aipatu zuen EBZko presidenteak. Hala ere, adierazpen horiekin tasak igotzeko atea zabalik utzi arren, oraingoz horretarako premiarik eta presarik ez duela ere antzeman diote analistek Tricheti.Dena den, etxebizitza merkatuaz ere ohartarazi zuen EBZko presidenteak, eta sektoreko prezioen bilakaerari adi egon behar dela azpimarratu zuen, zenbait herrialdeetan hipoteka eskaerak izugarri hasi direlako.

Hazkunde apala Alemanian

Amaitu berria den urtean Alemaniako Barne Produktu Gordina %0,9 soilik hazi dela ere kontuan hartuko zuten Trichetek eta EBZko kontseiluak interes tasak ekonomia sustatzeko mailan uzteko. Alemaniako Estatistika Bulegoaren arabera, iazko lan egutegi murritzagoak (1,3 lan egun gutxiago) esplika dezake 2005eko hazkundea 2004ko %1,6ko hazkundearen azpitik egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.