Argindarra eta ur hornikuntza bezala, telefono zerbitzuak unibertsala izan behar du. Horregatik, biztanle gutxiko eremuetan ere legez zerbitzua eskaintzera behartuta daude konpainiak. Etekinik ematen ez dieten eremu horietako seinalea bermatzeko funtsa sortu zuen Espainiako CMT Telekomunikazioen Merkatuko Batzordeak, baina orain arte Telefonicak baino ez du ordaindu.
CMTk atzo jakinarazi zuenez, aurrerantzean Espainiako telefonia enpresa handienek ordaindu beharko dute zerbitzu unibertsalaren funtsa. Hartara, Telefonicarekin batera, Vodafone eta Orange konpainiek ere ordainduko dituzte dagozkien kuotak, bakoitzaren bezero kopuruaren araberakoak. Erabakiak, gainera, atzera begirako eragina izango du, 2003, 2004 eta 2005. urteengatik Vodafonek 31,3 milioi euro eta Orangek 20,2 milioi ordaindu behar baitizkiote funtsari.
Konpainia txikiek ez, oraingoz
Espainiako telefonia enpresa ertainak, Ono eta Jazztel kasu, zerbitzu unibertsalaren funtsa ordaintzetik salbuetsi ditu, oraingoz, Telekomunikazioen Merkatuko Batzordeak, baita Euskal Herrian telefonia zerbitzuak eskaintzen dituen Euskaltel edota Galizian aritzen den R ere.
Vodafonek eta Orangek CMTren txostenaren aurkako alegazioak aurkeztuko dituztela iragarri dute, eta Frantziako enpresak, gainera, erabakia ez zaiola bidezkoa iruditzen gaineratu zuen. Telefonicak, azkenik, banaketa aztertuko duela esan du.
Orangek eta Vodafonek zerbitzu unibertsala ordaindu beharko dute, Telefonicarekin batera
Euskaltelek ez du, oraingoz, etekinik gabeko seinale eremuetarako funtsa ordaindu behar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu