Lan gatazkak

Orban labainkorrak

Garbiketa sektoreko 3.000 langile grebara deitu dituzte ELAketa LABek Gipuzkoan, maiatzerako. Garbitzaileek itun luze bat nahi dute.

jarraia90901.jpg
xabier martin
2014ko apirilaren 13a
13:24
Entzun

Bulegotik irteten den azkenak itzaltzen du argia, eta hura ez doa normalean jantzi dotorez. Ordenagailu piztuen ordutegikoak alde egitean buru-belarri ari dira sarritan mahaiak, zoruak, komunak, korridoreak, leihoak, ezkaratzak eta abar garbitzen dituztenak, hala eraikuntza pribatuetan nola publikoetan. Emakumeak izaten dira gehienetan.

Sektoreak dituen orbanak ez dira gutxi, eta azkenaldiotan zutik irauteko labainkorregiak egiten ari zaizkie langileei. "Prekaritatearen orban horiek" garbitu nahian, greba egingo dute maiatzean Gipuzkoan. 3.000 inguru garbitzaile deitu dituzte lanuztera ELAk eta LABek, lan baldintzak "itun luze baten bidez" hobetzeko; sektorea osatzen dutenen erdiak deitu dituzte, zentroetako beste itunik gabe dabiltzanak alegia. Maiatzaren 12tik eta 16rako astean, bost eguneko lanuztea egingo dute langileek.

Garbitzea ez da gizartean aintzat hartzen den enplegua. Gaizki ordaintzen da, orain eta lehen, «eta langilerik gehienak emakumeak izan ohi dira», dio Kontxi Noble LABeko ordezkariak. «Bai gizartean bai lan merkatuan emakumeek jasandako desberdintasunaren eta pobreziaren oinarrian daude lan baldintza oker hauek». Baina hortik haratago, sektoreko lan hitzarmena daukate jokoan orain. 2009tik soldata izozturik daukate, «30 bilera baino gehiago egin ondoren grebara deitzea baino ez da geratu», dio Noblek. Martxoaren 24an egin zuten azken bilera.

Beste sektoretan sindikatuek eskatzen duten antzeko eskakizunak dituzte: adostutakoa urratzeko aukera baztertzea enpresek, derrigorrezko arbitratzeak eta ultraaktibitate luze bat. "Segurtasun pixka bat nahi dugu, lan erreformaren alde kaltegarriena alboratzea". Eta soldaten auzia bideratzea, "igoerak KPIarekin lotuz". Soldaten auzia ez da itxuraz erraza izango konpontzea, orain arte enpresek pagatzen zuten antzinatasun kontzeptua ere desagerrarazi nahi baitu patronalak. "Atzerapausorik ez dugu onartuko; hori garbi daukagu".

Lanaldiak murriztu dira

Eulen, Pilsa, Samsic, Iberia, Valoriza eta Garbialki dira sektoreko enpresa nagusietako batzuk. «Aurten irabaziak eduki dituzten arren», beharginen lan baldintzak okertu dituztela salatu dute sindikatuek. Aspel patronalean biltzen dira enpresok, eta haien proposamena da lau urtez soldata izoztea. Enpresen ordezkari batzuek apenas duten negoziazioen mamiari buruzko informaziorik; hala jakinarazi diete langileen ordezkariei. Prezioak eta beste Madrilen erabakitzen direla diote.

Apirilaren 23an bilera egingo dute berriro sindikatuen ordezkariek eta patronalak, baina zaila da akordiorako oinarri bat lortzea, "hemengo enpresek ez dutelako Gipuzkoaren berezko errealitatea kontatzen". Oso litekeena da, beraz, grebaren ondorioak begien bistakoak bihurtzea Onkologikoan, eta Urbil, Garbera eta Txingudi saltoki handietan, Ficoba erakustazokan, eta hainbat eta hainbat herritako kultur etxetan, udaletxetan eta bestelako eraikuntzetan. Enpresa pribatuetan ere islatuko da greba, noski, etxebizitzen atarietan, bulegoetan, eta abarretan.

Azken urteetan enpresek lanaldiak murriztu dituztela dio Noblek, baina lan karga txikitu gabe. Gutxiago ordaindu, lan beraren truke; "formula erraza da". Lanaldi partziala "neurrigabe" erabiltzen dela dio, "eta ordaindutakoa apenas iristen den gutxiengo soldatara".

Sektoreko ordezkaritzaren %70 dute ELAk (%57) eta LABek (%13), eta Gipuzkoan alorra arautzeko beste saio bati ekitea erabaki dute, urtarrileko greba eta mobilizazioen ondoren. Besteak beste, lanaldiak "sistematikoki" murriztearen neurriarekin bukatu nahi dute. "Mekanismo erraza erabili dute: lan bera egiten dute denbora gutxiagoan, baina soldata murriztuaren truke", dio Kontxi Noblek. Sistema bakun horri esker, enpresa handiek "%25 txikitu dituzte soldatak azken hilabeteetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.