ORDU ALDAKETAREN HAMABI KANPAIKADAK

2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
1. Mundu zabaleko 70 herrialdetan 1.500 milioi pertsonari eragiten die ordu aldaketak.

2. XIII. mendean azaldu ziren lehen ordulari mekanikoak; ordu arte, eguzkiak finkatzen zuen egunaren eta gauaren erritmoa. Ordulariek, ordea, erakutsi zuten goizeko 07:00etan gaua ala eguna izan zitekeela urtearen sasoiaren arabera.

3. XIX. mendera arte, hainbat ordutegi zeuden herrialde askotan, minutu gutxiren aldeekin, eta betiere eguzkiari jarraikiz. Trenaren sorrerak aldatu zuen hori. Ordutegi bakarreko ibilbideak behar zituen trenak, besteak beste istripuak eragozteko, eta, 1840. urtetik aurrera, Ingalaterrak eskatu zuen lehen aldiz ordutegi bakarra finkatzeko. Londresko ordutegia hartu zuen Ingalaterra osoak, Pariskoa Frantziak eta Berlingoa Alemaniak.

4. AEBetan, 1883. urtera arte ez zuten ordutegi batasuna egin. Lau ordutegi zeuden artean, eta tren istripu larriak gertatu ziren, 1853. urtean esaterako.

5. Espainiako Estatuak Madrilgo ordutegia hartu zuen. Ordu arte, Bartzelonan eguerdia zenean, Madrilen 11:30 ziren. Hala, Hego Euskal Herria Greenwicheko meridianoarekin bat finkaturik gelditu zen. 1900. urtea zen.

6. Eskualdeen arteko desorekak ekarri zituen, ordea, estatuen ordu batasunak. Benjamin Franklinek proposatu zuen lehen aldiz ordu aldaketaren aukera, 1784. urtean, eta Alemania izan zen lehena proposamen hori gauzatzen. Lehen Mundu Gerran, ordu aldaketa onartu zuen ikatz gutxiago kontsumitzeko saio gisa.

7. Euskal Herrian 1918. urtean egin zuten lehen ordu aldaketa, eta, Alemanian bezala, ikatza aurrezteko asmoak eragin zuen. Gero, tarteka egin zen 1949. urtera arte.

8. 1940. urtera arte Erresuma Batuaren eta Portugalen ordutegia zuen Hegoaldeak, Espainiarena alegia. Baina, urte horretan, Franco jeneral matxinoak Alemaniarena hartzea erabaki zuen; meridianoen logikaz besteko erabakia izan zen. Erresuma Batua bera eta Frantzia ere —harekin batera Ipar Euskal Herria— Europa erdialdeko ordutegiarekin hasi ziren. Gerra amaitzean, ordea, Erresuma Batua bere ordutegira itzuli zen, eta Frantziak eta Espainiak Berlingoarekin jarraitu zuten.

9. 1974. urtetik aurrera, herrialde asko hasi ziren ordu aldaketa egiten munduan. Izan ere, petrolioaren krisiak arau orokor bihurtu zuen ordu aldaketa. Gehienbat Amerikako iparraldean eta Europan egiten da, halere. Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan, Asian eta Afrikan ez dute ordularia ez atzeratzen ez aurreratzen.

10. 2011. urtean, Errusiak baztertu egin zuen ordu aldaketa. Mosku GMT+3 orduarekin geratu da urte osoan. Bielorrusiak eta Ukrainak ere ez dute ordu aldaketarik egiten.

11. AEBetan ordu aldaketa egiten da, baina ez estatu guztietan. Hawaiin ez da ordua aldatzen, eta Arizonako eremu handi batean ere ez.

12. Ordu aldaketa azaroan eta martxoan egin ohi da AEBetan, baina hori ere ez da lege sakratua. 2007an astebete aurreratu zuten martxoko ordu aldaketa, eguzki argi gehiago edukita hauteskunde urteetan parte hartze handiagoa lortuko zen esparantzaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.