Frogatu dugu kudeaketa egokia ez dela murrizketa gehiago egitea, Raxoiren gobernuak eta Kataluniako abertzaleek uste duten modura». Patxi Lopez lehendakariak esandako hitzak dira, hauteskundeak aurreratzeko erabakiaren berri emateko agerraldian. PPk Espainiako Gobernua hartu zuenetik, murrizketa sozial eta ekonomikoen aurkako bandera altxatzeari ekin zion Lopezek. Popularren babesa galtzea eragin zuen horrek, eta bozak ezinbestean deitzera behartuko zuen gertakarietako bat izan zen hura. Hauteskunde kanpaina ere murrizketen aurkako mezuekin bultzatu nahi du. Ez da hori agintaldi osoan izan duen jarrera, ordea.
«Onartu behar dugun lehenbiziko gauza da gure gaitasunen gainetik bizi izan garela, eta gure gastuak, herrialde gisa, gure diru sarreren gainetik daudela». Hitzaldi hori 2010. urteko maiatzekoa da, eta antz harrigarria du Mariano Raxoi presidenteari jendaurrean entzuten zaion apurretan austeritatea defendatzeko erabili ohi duen argudio nagusiarekin. Bi aste lehenago Zapateroren gobernuak iragarritako neurri gogorren alde agertu behar zuen Lopezek Eusko Legebiltzarreko tribunatik. Legealdiko trago latzenetariko bat.
PSOEko gobernuak Madrildik ezarritako neurriak zalantzan jarri gabe, erantzun propioa garatzen ahalegindu zen Lopez. Funtzionario bakoitzari soldata %5 jaitsi ordez, administrazioak nominetan gastatutako kopuru osoari kendu zion ehuneko hori, banan banako soldata jaitsiera apur bat leunduta. Baina, horrekin batera, enplegu publikoa mugatzeko neurri sorta hartu zuen maiatz horretan. Administrazioko behin-behineko langile askoren egoera okertu zuen erabaki horrek.
Batez ere, funtzionarioentzako murrizketak izan dira. Soldata jaitsi eta aldez aurretik hitzartutako ordain hazkundeei bizkarra emateaz gain, aurtengo aurrekontuetan ere kolpea jo zien langile publikoei, gaixoaldi laburretan soldata erdira jaitsita. Gaixoaldietako osagarriei eginiko murrizketa Jaurlaritzan inork inoiz egindako «erasorik handiena» izan zen, ELAren ustez. Funtzio publikoan bi lanuzte antolatu zituzten sindikatu abertzaleek.
Sektore publikoa alde batera utzita, beste neurri gogor batzuk ere hartu ditu gobernuak. 2012ean, gizarte laguntza nagusiak %7 jaitsi zituen, batez beste. Horien artean daude gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta eta alokairurako osagarria. Gobernuak ematen dituen diru laguntza eta transferentzia guztiak ere %10 jaitsi dira, batez beste.
Espainian gobernua aldatu zenetik, jarrera aldatu eta oso kritiko bihurtu da Jaurlaritza. Raxoiren gobernuak hezkuntza eta osasun alorretan hartutako neurri gehienak betetzeari uko egin dio, eta horietako batzuk auzitegira eraman ditu. Botiken berrordainketa ez ezartzeko dekretua onartu zuen —gero, baina, Auzitegi Konstituzionalak behin-behinean bertan behera utzi zuen—. Ordainketa hori izan ez dadin, beste dekretu bat ari da prestatzen.
Kontuekin bueltaka
Aurrekontuak prestatzeko tenorean, krisiaren ondorioak gainera etorri zaizkio gobernuari. Zerga bidez bildutako diru sarrerak espero izandakoaren azpitik egon dira, nabarmen, eta horrek kontuak etengabe aztertzera behartu du. Aurrekontua orekatzea eta Madrilek ezarritako defizit muga betetzea — sekula zalantzan jarri ez dena —, buruhauste handia izan dira.
Hori guztia zorpetzean islatu da. Datuak argi daude: 2008. urtea amaitu zenean, 990 milioi euro zor zituen Jaurlaritzak, barne produktu gordinaren %1,5. Orain, ia 6.800 milioi euro zor ditu, BPGaren %10 baino gehiago —Jaurlaritzak zuzenean 5.700 milioi zor ditu—. Egia da Kataluniaren eta Valentziaren (%20) zenbakietatik urrun dagoela, baina arreta merezi duten emaitzak dira. Egoera kontrolpean duela aldarrikatu du gobernuak. Zorraren truke ordaintzen ari den batez besteko interesa %3,5 da, eta aurrekontutik 350 milioi erabiltzen dira finantza zama ordaintzeko (%3,5). Haatik, azken urteotako zorpetzeak nabarmen igoko du zama hori 2015. eta 2018. urteen artean.
Kontu publikoen inguruan tirabira sonatuak izan dituzte gobernuak eta EAJk. Jeltzaleek ia hasieratik susmopean jarri dute Ekonomia eta Ogasun Sailak jakinarazitako informazioa. Agintaldiak aurrera egin ahala, akusazioen maila ere gogortu egin da. Otsailean, gobernua porrot egitear zegoela iradoki zuen Iñigo Urkullu EAJko presidenteak. Gobernuaren erreakzioa berehalakoa izan zen. Altxortegi eta likidezia arazorik ez zituela ziurtatu, eta kargu hartu zion Agirre sailburuak Urkulluri. «Arinkeriaz egindako adierazpen horiek arriskuan jartzen dute ongizate kolektiboa eta aurrekontu oreka».
Orain dela bi aste kontuen egoera azaldu zuen berriro Agirrek, eta urtea amaitzeko dirurik ez zaiela faltako nabarmendu zuen. Ohiko zuhurtzia alde batera utzita, kontraerasoari ekin zion, eta buruhauste ekonomikoak «Ibarretxeren herentzia pozoituari» egotzi zizkion.
Bihar: Berdintasun eta osasun politikak.
Oreka bete ezina kontu publikoetan
Raxoiren murrizketak gogor kritikatu ditu lehendakariak, baina bere gobernuak ere dantzan jarri ditu artaziak; Jaurlaritzak eta EAJk tirabira ugari izan dituzte finantza egoeraren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu