Lehiakortasuna

Orkestraren 2013ko txostenak dibertsifikazioaren beharra azpimarratu du

Lehiakortasunerako agentziaren ustez, orain arte egoerari eusten saiatu dira euskal enpresak, “eta hori ez da nahikoa”. [Youtube]http://youtu.be/-ECJe4FT8UY[/Youtube]

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko ekainaren 27a
14:14
Entzun

2008an finantza krisia lehertu zenean, inor gutxik uste zuen luzerako kontua izango zela. Urte gutxiren buruan egoerari buelta emango zitzaiola uste zen. Baina ez zen horrela izan. Krisiaren bosgarren urtera iritsita, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna Europako herrialdeetakoekin alderatuz ona dela zehaztu du Mikel Navarro Orkestraren 2013ko txostenaren koordinatzaileak. Baina merkatuari lotutako adierazleetan datuak ez dira horren positiboak.

Europako Batasuneko, AEBetako eta Espainiako datuekin alderatuz gero, azken urte eta erdian biztanleko BPGaren murrizketarik handiena izan duen herrialdia izan da EAE. Eta esportazioetan ere emaitza kaskarrak lortu dira. Horren arrazoia garbia da, Navarroren ustetan: “Krisiaren hastapenean euskal enpresek hiru aukera izan zituzten krisiari aurre egiteko: lehiakortasuna hobetu produktuak dibertsifikatuz, kostuak murriztuz edo irauten saiatzea garai hobeen zain. Euskal enpresek, oro har, azkeneko aukera hautatu zuten”.

Baina krisiak luze jo du, eta 2011. urtetik aurrera Espainiako enpresek hartutako bideari heldu zioten euskal enpresa askok ere, txostenaren arabera. Hau da, kostuak murrizteko bidea hartu zuten lehiakortasuna hobetzeko. Baina Orkestraren 2013ko txostenaren egileek esan dute ezin zaiola estrategia horri luzaroan eutsi. Horren ordez, dibertsifikazioa beharrezkoa dela uste dute, “ekonomiaren ekoizpen eraldaketa”. Horretarako, sei neurri proposatu ditu txostenak: funtsezko teknologia bideratzaileak erabiltzea; jakintzaren eta I+Gko azpiegiturak bultzatzea; enpresen berrikuntza eta nazioartekotzea estrategia gisa jartzea; jakintzan intentsiboak diren zerbitzuak areagotzea; ekintzailetza sustatzea; eta energia sustatzea.

Ekoizpen eraldaketarako estrategia hori “beharrezkoa” dela esan du Navarrok, eta gaur egungo arazoak konpontzeaz gain, luzerako garapen iraunkorra bermatzeko ere balioko duela uste du. “EAEk badu aukera bere etorkizuna moldatzeko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.