Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kooperatiben egoera baikorra dela esan zuen atzo Patxi Ormazabalek, Konfekoopeko lehendakariak. Kooperatibismoaren nazioarteko egunaren harira Bilbon egingo dituzten jardunaldien aurkezpenean, krisialdiari aurre egiteko, mota horretako enpresen onurak goratu zituen.
EAEko kooperatiben konfederazioan bazkidetutako 721 enpresek 10.808 milioi euro fakturatu zituzten iaz, duela bi urte baino %2 gutxiago. Hala ere, kooperatibek enplegua sortu zuten, «krisia hasi baino lehen aurreikusitakoa baino gehiago». Aurten, gainera, lanpostu berriak sortuko dituztela berretsi zuen Ormazabalek, hezkuntza eta mendekotasuna sektoreetan, besteak beste.
Esan zuenez, euskal kooperatibismoa «erreferentzia bihurtu da munduan» eta, haien arrakasta, enpresen «aniztasuna eta osagarritasunak» azaltzen dute. Ekintzaile askok, gainera, kooperatiba txikia hautatzen dute enpresa berria eratzeko eta, etorkizunera begira, aukera handiak dituzten sektoreen zerrenda egin zuen: energia berriztagarriak, osasuna eta mendekotasuna.
Iaz baino enpresa gutxiago
INE Espainiako Estatistika Institutuak, bestetik, apirilean Hegoaldean sortutako merkataritza sozietate kopuruen berri eman zuen atzo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 253 enpresa berri sortu zituzten, urtebete lehenago baino %54,8 gutxiago. Nafarroan, berriz, 81 sortu zituzten, 2008ko apirilean baino %51,9 gutxiago.
Ormazabalek dio enplegua sortuko dutela aurten EAEko kooperatibek
EAEn 253 merkataritza sozietate berri sortu zituzten apirilean, urtebete lehenago baino %54,8 gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu