Grebak, erregulazio dosierrak eta Konkurtso Legea. Krisiak ohiko bihurtu dituen mobilizazioak eta prozedurak dira, baita Euskal herrian ere. Datozen bi asteetan grebak hasiko dituzte Igorreko (Bizkaia) Ormazabaleko eta Azkoiengo (Nafarroa) Gamesako langileek.
Ormazabaleko langileek greba egingo dute hilabete honetako zenbait egunetan (11, 12, 13, 18, 19 eta 20) eta greba mugagabea hasiko dute 23tik aurrera. Greba egingo dute enpresak beren eskaerak aintzat hartu ez dituelako lan hitzarmenaren negoziazioan. Enpresa batzordearen esanetan, soldata KPIren neurrian igotzea proposatu diete; langileek, ordea, igoera handiagoa eskatu dute. Nabarmendu dute enpresak 50 milioi euro irabazi zituela iaz. Ormazabalek osagai elektrikoak egiten ditu energia sektorerako. 330 langile ditu.
Gamesaren Azkoiengo zentro logistikoko 40 langileek asteartean hasiko dute greba. Enpresak biltegia itxi egingo du; baina langileek ez dituzte onartzen enpresak eskaini dizkien baldintzak, ez kalte-ordainak, ez beste lantegi batzuetan lan egiteko aukerak.
Fagor Ederlanek Tafallako (Nafarroa) lantegian dituen 124 langile kaleratu nahi ditu, enplegua erregulatzeko dosier baten bidez. Langileek negoziazioak eten egin dituzte, zuzendaritzak ez dituela bere eskaerak onartu. Iganderako akordiorik lortzen ez badute, Nafarroako Gobernuak hartuko du dosierrari buruzko erabakia.
Negoziazioetan ari direnak Jaso garabi enpresako langileak eta enpresa dira. Enpresak hasieran 161 langile kaleratu nahi zituen. Orain 155 dira. Langileek eta sindikatuek asteartean egin zuten azken bilera. Langileek enpresaren eskaintza baztertu zuten; enpresaren iritziz, baina, beren eskaintza arrazoizkoa da. Laster aurkeztuko die behin betiko eskaintza.
Zailtasunak dituzten enpresen zerrenda amaigabean aipagarria da Iurbentia etxe sustatzailearen kasua. 30 milioi euroko zorra du eta Konkurtso Legearen prozedura abiatzeko eskatu du Madrilgo epaitegi batean.
Konkurtso Legera jo duten enpresen kopurua %25 murriztu da aurtengo bigarren hiruhilekotik hirugarrenera Hego Euskal Herrian.
Ormazabaleko eta Gamesaren Azkoiengo langileek greba egingo dute
Fagor Ederlaneko eta Jasoko langileek baztertu egin dituzte zuzendaritzak egindako eskaintzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu