Orona kooperatiba Hernaniko Galarretan eraikitzen ari den Orona Ideo parkearen lehen eraikina inauguratu dute gaur goizean, Orona Fundazioa hain zuzen ere. Kooperatibaren 11 bazkide fundatzaileri omenaldia egin nahi izan diete inaugurazio ekitaldian. Gizartea eta enpresa uztartzeko helburua izango du Fundazioak, inguruko udalerriek —Buruntzaldea, Bidasoaldea, Oarsoaldea eta Donostialdea— erabili ahal izango duten auditorioaren bidez. Ingeniaritza adarreko bi graduondo ere hartuko ditu datorren astetik aurrera Orona Fundazioak. Auditorioa, kafetegia, liburutegia eta Oronaren Unibertsitate Korporatiboak lekua izango dute fundazioaren egoitzan, halaber, enpresaren zuzendaritza eta langileen prestakuntza errazte aldera.
Ekitaldian parte hartu dute Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta inguruko beste 13 herritako agintarik ere. Oronaren proiektua txalotu du Garitanok: "Orona eredugarria da benetako baloreak ordezkatzen dituelako. Kooperatibak lan harresi bihurtu dira krisi honetan”. Orona gisako proeiktuak eta kooperatibak oro har, "etorkizuneko bermea" direla erantsi du. Ildo horretatik mintzatu da Luis Intxauspe Hernaniko alkatea ere: ”Honen neurriko oso proiektu gutxi jarrilo dira martxan gaur egungo krisiaren erdian Euskal Herrian, eta gure mugetatik kanpo”.
Ideo Orona 2014ko ekainean inauguratzea aurreikusi dute, enpresaren 50. urteurren ospakizunekin batera; 70 milioi euroko aurrekontua dauka proiektu deigarriak, eta lanak "bide onetik" doaz, aurreikusitako erritmoan.
Orona Fundazioaren inaugurazioan, 1964ko kooperatibaren aktak jasotzen dituen oparia jaso du Jose Miguel Lazkonategi zuzendaritza kontseiluko lehendakariak, Manolo Trueba orduko lehendakariaren eskutik. Ekitaldi hunkigarria izan da, Galarretara joan ahal izan duten bazkideen emazteak ere oholtzara igo baitira banan bana lore sorta bat jasotzera.
4.000 langilek dihardute Orona kooperatiban, hamar herrialdetan. 1964an 17 pertsonak jarri zuten martxan gaur egun igogailuen sektorean lehen lerroko proiektua dena munduan.