Orona kooperatibak 2014ko apirilean inauguratuko du Orona IDeO Innovation City, Hernaniko Galarreta auzoan eraikitzen ari den berrikuntza gunea. 400 langile hartuko dituzten hiru eraikin, erakustokia, lurpeko aparkalekua eta gune berdea. Igogailu eta eskailera, arranpa eta korridore mekanikoen fabrikazioan espezializatutako taldeak 75 milioi euro inbertituko ditu proiektuaren aurreneko fase horretan.
Eraikin nagusiak, Orona Zero eraikinak, taldearen egoitza eta Orona EIC (Elevator Innovation Center) hartuko ditu. Arkitektura berezia izango du, zirkuluan eraikiko baitute, Oronaren irudi korporatiboaren itxura emanda. Orona Fundazioa eraikina, berriz, prestakuntzarako gunea izango da. Zati bat Oronak berak erabiliko du, langileei etengabeko formakuntza emateko, eta bestea Mondragon Unibertsitateak. Litekeena da energia berriztagarrien ingeniaritzako bi gradu han ematea. Eraikin berean jatetxe, haurtzaindegi eta liburutegi zerbitzuak ere eskainiko dituzte.
Hirugarren eraikina, A3 izenekoa, elkarren artean komunikatutako bi blokek osatuko dute. Laborategi azpiegitura sofistikatuak eta energia biltegiratzeko sistemak ikertzeko gunea izango dituzte han. Oronako ikertzaileek Ikerlan IK4 teknologia zentroko ikertzaileekin partekatuko dituzte azpiegitura horiek, hurbiltasunak elkarlana bultzatzeko balioko duelakoan.
Hiru eraikin nagusiez gain, erakustoki bat ere izango du berrikuntza guneak. Besteren artean, eraikinetan energia modu efizientean kontsumitzeko sistemak erakutsiko dizkiote publikoari. Aparkalekua, berriz, lur azpian eraikitzea erabaki dute, horrek eraikin eta eraikin artean gune berde «zabal eta irekiak» eta paseatzeko bulebarra izateko aukera emango dielako.
Javier Mutuberria taldeko zuzendari nagusiak uste du Orona IDeO Innovation City enpresako, unibertsitateko eta ikerketa zentroetako ezagutzak eta esperientziak partekatzeko gune bat izango dela. «Lasterketa teknologiko basati honetan aurrera egiteko, hiri mugikortasunean eta energiaren kudeaketan espezializatutako berrikuntza ekosistema bat sortu nahi dugu».
Eraikitze lanak duela bederatzi hilabete hasi zituzten, eta «oso martxa onean» doazela ziurtatu zuen Mutuberriak, atzo Galarretan bertan egindako agerraldian. Okerrik ezean, 2013a bukatzerako prest izango dituzte hiru eraikinak. Horrela bada, 2014ko apirilean inauguratuko dituzte, taldearen 50. urtemuga delako.
Oronak 2014ko apirilean inauguratuko du Hernaniko berrikuntza gunea
Lehen fasean, hiru eraikin eta 400 langile hartuko ditu guneak; 75 milioi inbertitu beharko ditu Orona taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu