EAJko presidentearen arabera, «zorionez, grebak porrot egin du», eta mobilizazioaren «biharamuna» lasaiagoa da. Ortuzarren ustez, Eskubide Sozialen Gutunak —ELA eta LAB buru direla— egindako «greba orokorraren deialdiak jendearen kezka eta eskaera errealen manipulazioa dauka oinarri». EAJko buruaren arabera, sindikatuek eta gainontzeko greba deitzaileek gai hauek «manipulatu» dituzte: «Pentsioak bermatuko dituen sistema bat topatzeko beharra, soldata justuak edukitzea, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bilatzea» . Eta hauxe adierazi du: «Helburu horiek guztiak dira zilegi eta duin, eta guztiak manipulatu dituzte greba orokor bat erosteko».
Andoni Ortuzarrentzat, «begien bistakoa da ziurgabetasun eta kezka garai batean» bizi dela gizartea, «mobilizazioekin eta matxinadekin, eta gakoa da nola erantzuten diogun modu egokian erronka horiei». Datorrenak «justizia gehiago dagoen espazioa» izan beharko luke helburua, EAJko presidentearen arabera, «berdintasun gehiagorekin, belaunaldien arteko eta sexuen arteko elkartasun gehiagorekin, garapen handiagoarekin aberastasun gehiago sortu eta hobeto banatzeko».
Ortuzarren esanetan, historian zehar ezkerrak «erantzun klasiko bat» eman die beti arazo horiei: «Estatuak arazo guztiak konpon ditzakete eta konpondu behar ditu, aita baten gisa eta berme guztien hornitzaile gisa». Formula hori krisian dagoela ohartarazi du EAJko buruak.
«Gizarteak protesta egiten badu, entzun egin behar zaio»
Bere burua eta alderdia zentro politiko eta ekonomikoan kokatu nahian, eskuinaren erantzun klasikoa ere gogor salatu du, «emaitza are okerragoak» ekarri dituelako. «Merkatuak du erantzuna», hori izan da eskuinaren ekarpena, Ortuzarren ustez. «Akats hori herrialde askotan errepikatzen ari da».
Ekintza politikoa eta instituzionala «pertsonaren beharren inguruan» gauzatu behar dela gaineratu du. Giza Eskubiden Aldarrikapena jo du eredutzat. «Hor daukagu gure gobernu programa», azaldu du Ortuzarrek. «Gizartean jarri behar da arreta berriro», erantsi du; «gizarteak protesta egiten badu, entzun egin behar zaio. Gizarteak ez badu nahikoa informazio, erraztu egin behar zaio; eta gizarteak parte hartze politikorako beste tresnak eskatzen baditu, eman egin behar zaizkio». Azken adierazpen horiek euskal gizartea gogoan hartuta egin ote dituen ez dago garbi, Mobilizazioak eta matxinadak krisi politiko eta sozialaren aroan izenburupean eman duen hitzaldian izan baitira, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan, Bilbon.
Ortuzar ez da izan gaur goizean greba orokorrari buruz hitz egin duen EAJko gidari bakarra. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren garapeneko sailburu Arantxa Tapiak ere erreparatu dio atzoko mobilizazio handiari, protestaren antzutasuna nabarmentzeko. Greba orokorrak «euskal sare ekonomikoari eta sozialari egindako ekarpenaz hausnartzeko» eskatu die sindikatu deitzaileei, eta «greba babestu duen alderdi politikoari», EH Bilduri erreparatuz. Mobilizazioan eragindako kalteak arbuiatu ditu Tapiak, eta esan du egoera ekonomikoa hobetzeko lanean jarraitu behar den, Jaurlaritzak ez dituela ikusi «zio nahikorik» greba deialdi egiteko. «Gobernu gisa ez dugu aintzat hartu, baina gizarteak ere ez dio masiboki erantzun deialdi horri».
«Sindikatuek, deialdian parte hartu duten eragile sozialek, eta baita grebari babesa eman dion alderdi politikoak ere, hausnarketa bat egin beharko lukete atzoko egunak euskal sare ekonomikoari eta sozialari egindako ekarpenaz; teorian informatzeko diren piketeek eragindako kalteaz ere hausnartu beharko lukete». Arantxa Tapiak gaineratu du: «Grebarako eskubidea badago, lanerako eskubidea ere badago, eta eskubide biak errespetatu behar dira. Eta atzo gertatu ziren hainbat gauzek ez zuten zertan gertatu».