Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari, besteak beste, antzua eta edukirik gabekoa izatea, patronalaren esanetara egoeta eta istripuen eta gaixotasunen atzetik dauden arrazoiak jorratu nahi ez izatea leporatu diote azken hilabeteetan ELAk eta LABek. Horregatik guztiagatik, erakundean parte hartzeari uzteko epe jakinik gabeko erabakia hartu zuten sindikatuek herenegun.
Horren haritik, Jaurlaritzak Osalanen aurrekontua murriztu duela salatu izan dute gehiengo sindikaleko partaideek, aurtengoa iazkoa baino %43 txikiagoa dela, hain zuzen ere. Mendiak, alabaina, azaldu du lan osasunaren erakundeak 20,6 milioi euroko aurrekontuari eutsi diola: «Krisiarekin ez da aldatu, eta horrek Gobernu honek laneko osasun eta segurtasun arloetan eginiko apustuaren berri ematen du».
Horrez gain, Mendiak nabarmendu du Osalan 2010-2013 estrategia plana prestatzen ari dela eta lehehengo aldiz bere baliabideekin eta enpresetara jo gabe egiten ari dela.
Lanean jarraitzeko prest
Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak ELAren eta LABen erabakia errespetatzen duela jakinarazi du Carlos Zapaterok, horretarako erabili dituzten arrazoiak «ulergaitzak» zaizkiola aitortu arren. Bi sindikatuen hutsunearekin ere «lanean berdin-berdin jarraitzeko prest» daudela jakinarazi du. Haren hitzetan, erabakiak «ez dio zertan eragin lan osasunean Euskadin egiten den lanari».
Damaso Casadok ere ELAren eta LABen jarrera kritikatu du. Erakunde guztietatik kanpo «zer egiteko asmoa duten» galdetu die sindikatuei, eta, horrez gain,Osalanen kontra eginiko salaketa guztiak ezeztatu ditu UGT-Euskadiko buruak: «Esan dutenaren kontra, gauza asko egiten ari dira. Erakundeak ondo dabiltza, baina haiek laga egiten dituzte».
Osalaneko zuzendari Pilar Collantesek, bestalde, lan osasunak «guztien konpromisoa» behar duela gogorarazi du.
Bilboko Metroa, Patentes Talgo eta Proton Electrica saritu ditu Osalanek
Lan arriskuen prebentziorako 2009ko sariak emateko ekitaldia egin zuten atzo Barakaldon (Bizkaian), Osalanen egoitzan. Lan osasunaren EAEko institutuak Bilboko Metroa eta Patentes Talgo saritu ditu enpresa handien mailan; txikien artean, berriz, Proton Electronica nabarmendu du. Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak buru izan duen epaimahaiak enpresen jardueran txertatutako prebentzio planak, berrikuntza eta beste hainbat ezaugarri kontuan hartu ditu sariak emateko.Ekitaldian izan ziren, besteak beste: Pilar Collantes Osalaneko zuzendaria, Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusia, Carlos Zapatero Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuordea eta saritutako enpresetako ordezkariak.