Osalanek istripuei buruzko informazioa ezkutatzen duela salatu du ELAk

Erakundea elkarrizketa sozialeko mahaiaren zerbitzura jartzea egotzi dio sindikatuak Eusko Jaurlaritzari

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendaritza berritu zutenetik urtebetera, «txarrerako aldaketak besterik ez» dituela ikusi salatu du Adolfo Muñozek. Patxi Lopez lehendakariak, ELAko buruzagiaren ustez, ez du lan osasunaren gaineko neurririk hartu, eta, gainera, Osalan institutuak laneko istripuei eta gaixotasunei buruzko informazioa «ezkutatzen» du orain.

Osalaneko Kontseilu Nagusiak aurtengo lehen batzarra egin du, eta, erakundearen historian lehenengo aldiz, aurreko urteko ezbehar eta gaixotasunei buruzko txostenik ez duela prestatu salatzeko agerraldia egin du Muñozek, Leire Txakartegi eta Janire Dominguez kideekin batera.

Azken horren ustez, «lotsagarria» da Osalanen zuzendaritzaren jarrera, eta, «aitzakiak aitzaki», bere kudeaketaren «porrota» aditzera ez emateko asmoa dago erabakiaren atzean. ELAk ezezko botoa eman die Osalanen 2009ko jardueraren memoriari eta 2010erako kudeaketa planari.

Gutxiengo sindikalarekin

Pilar Collantesek lan osasunaren institutua zuzentzen duenetik erakundea «edukirik gabe» utzi nahi dutela uste du ELAko idazkari nagusiak. Segurtasun eta prebentzio neurriak, orain, UGT, CCOO eta Confebaskekin hasitako elkarrizketa soziala deritzon elkarrizketa mahaian hartzen dituztela gogorarazi du. Lotu kanpainarekin egin bezala, «Osalan elkarrizketa mahaiaren zerbitzura» jarri nahi izatea leporatu dio Lopez lehendakariari. Horrela, «erabakiak gutxiengo sindikalarekin adostu eta diru bila Osalanera» jotzen dutela dio Muñozek.

Sindikatuaren ustez, enpresaburuak atera dira garaile aldaketa horretatik: «Patronalak ez du nahi istripuen atzean dagoen prekarietateaz hitz egitea, eta Lopezek eskatzen duten guztia ematen die». Elkarrizketa sozialean parte hartzen duten sindikatuei buruz, Collantes UGTko zuzendaritzako kide zela gogorarazi du Muñozek. CCOOk, bestalde, Osalanen 2010eko planaren aldeko botoa «finantzaketa truke» eskaini duela salatu du Txakartegik.

Lan osasuneko erakundearen zeregin bakarra «publizitate kanpainak» egitea dela salatu dute ELAko kideek. Edonola ere, aurrekontua murriztuta ikuskaritza lanak hobetzea ezinezkoa dela oroitarazi dio Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.