Ekonomia

Osasunerako zentimoa legez kanpokoa dela dio Europak

EBko Justizia Auzitegi Gorenak ebatzi du Espainian biltzen den osasunerako zentimoa EBko legediaren "aurkakoa" dela. Espainiak 13.000 miloi euro itzuli beharko lituzke.

xabier martin
2014ko otsailaren 27a
07:19
Entzun

Zerga berezien inguruko arauak urratzen ditu hidrokarburoen txikizkako salmenta zergapetzeak. Hala erabaki du Europako Batasuneko Justizia Auzitegi Gorenak, eta ebazpen horrekin Espainiako erkidego askotan zabaldu den osasunerako zentimoa esaten dioten zerga, legez kanpokoa dela argi utzi du. Euskal Herrian ere badu eragina Luxenburgoren ebazpen horrek, Nafarroak 2012an ezarri baitzuen, 2,4 zentimokoa erregai litro bakoitzeko; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago.

Europako Batasuneko justiziatik beste muturreko bat jaso du Espainiak, beraz. Auzitegi horretako abokatu nagusi Nils Whalek ebatzi zuen iazko urrian osasunerako zentimoa ez datorrela bat EBko legediarekin. Auzitegiko epaileek abokatu nagusiaren irizpideari jarraitu diote —hala egiten dute bost kasutik lautan—, eta 13.000 milioi euro arte itzuli beharko lituzke Espainiako Erresumak. Kolpe izugarria estatuaren kontuei begira, eta Europak ezarritako defizit mugarekin betetzeko ahaleginei, zalantzarik gabe.

Diru horren zati bat Nafarroako Gobernuak jarri beharko du; krisiaren eta ustelkeriaren ondorioz dituen arazo ekonomiko larrien zerrendari beste hau gehitu beharko dio lurraldeak. 2012ko maiatzean erabaki zuen erregaien azken kontsumoari zerga berezi hori ezartzea, aurrekontuetan sortu zitzaion 54 milioiko zuloa estaltzeko. Mila litroko 2,4 euroko gainkarga jarri zion erregaien zerga bereziari, hau da, 2,4 zentimo litroko. Horri esker zortzi milioi bilduko zituela esan zuen, eta garraiolariei itzuliko ziela jarritako dirua.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek ez dute ezartzen; hortaz, zerga hori baliogabetzeak ez du haietan ondoriorik izan behar.

Madrilek, entzungor oharrei

Espainiako Gobernuak bazuen osasunerako zentimoak sor zitzakeen arazoen berri, eta horregatik 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera Hidrokarburoen Legearen barruan sartu zuen. Gainera, EBko auzitegiari eskatu zion zerga baliogabetzen bazuen (hala gertatu den bezala) ez egiteko atzerako eraginarekin, eta ez ordaindu behar izateko haren bidez jasotako dirua. Diru hori Espainiari eskatzeak arazoak "sor ditzakeela" badaki auzitegiak, baina baita Madrilek entzungor egin diela oharrei, eta Nils Whalek esan zion moduan "lege eztabaidatu horrekin" jarraitu duela, "azken kontsumitzailearen kaltetan". Luxenburgok dio ebazpoena ez dela mugatu behar "epe batera", Espainiako Gobernua eta Kataluniako Generalitatea "fede txarrez aritu zirelako zergari hamar urtez eustean". Izan ere, 2002ko urtarrilaren 1etik 2013ko urtarrilaren 1era egon da indarrean, Hidrokarburoen Legearen barruan sartu zuten arte.

Kataluniako garraio enpresa batek jarri zuen osasunerako zentimoaren aurkako salaketa, eta hango Justizia Auzitegiak utzi zuen auzia EBko epaileen esku. CETM Espainiako garraiolarien patronalak  zerga pagatu duten enpresei dirua itzultzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.