Mundu zabaleko 2.158 aberats handik 7,8 bilioi euro dituzte. Talde horren aberastasunak %19 egin du gora 2017. urtean, UBSk eta PwCk egindako txostenaren arabera. Ameriketan daude aberats handi gehien; AEBetan, hain zuzen. Baina 2017an aberats handi berri gehien izan dituen herrialdea Txina da. Haiek %39 handitu dituzte beren ondasunak, eta, dagoeneko, 1,12 bilioi euro pilatuak dituzte. 2006an, hamasei ziren aberats handiak Txinan, eta, 2017an, 373 dira. Azken urtean, 89 txinatar sartu dira aberats okituen zerrendan.
Baina Ameriketan daude aberastasun izugarriko pertsona gehien. AEBetan, hain zuzen, 2,7 bilioi euro pilatuak dituzte hango aberats handiek. 2017an, 53 pertsona gehiago sartu ziren zerrendan. Europan, %4 egin du gora aberats handien kopuruak, eta haien aberastasuna %19 igo da. 1,67 bilioi euro pilatuak dituzte Europako aberats handiek.
Joan den astean, Munduko Bankuak ohartarazi zuen, martxa honetan, ez dela lortuko muturreko txirotasuna ezabatzea 2030erako. Eguneko 4,75 euro baino gutxiagorekin bizi da populazio globalaren %46.
[youtube]https://youtu.be/qiXDrOi74b0[/youtube]